OCDEko ekonomilari buru Jean-Philippe Cotisen hitzetan «oso etsigarria» izan da lehen sei hilabeteotan Euroguneak izan duen garapen ekonomikoa, eta bigarren hiruhilekorako antzematen Zen susperraldia, berriz, «nahiko apala» izanen dela aurreratu du. Hortaz, %0,5 baino ez da haziko Euroguneko ekonomia.
Bestelako irakurketa egiten du Japonia eta AEBei buruz, batez ere azkenekoren inguruan. OCDEren kalkuluen arabera, Estatu Batuetako Barne Produktu Gordina %2,5eko mugan ibiliko da eta Japoniakoa, %2a ere iragan dezake, lehen sei hilabeteko erritmoari eusten badio.
Bestalde, urte hasieran AEBetan deflazioa etorriko zen mamua zabaldu zuen ekonomia zirkuluetan eta, uneotan, aukera hori geroz eta urrutiago dagoela uste du Cotisek. Deflazioaren zurrunbiloan atera ezinik dagoena Japonia da, baina OCDEeren hitzetan, pixkanaka irteten hasida zurrunbilotik Ekialde Urruneko herrialdea.
Bestelako arazoa du Euroguneak: inflazioa. Egun, %2ko erritmoan igotzen ari dira prezioak hamabi herrialdetan, eta datu hori Europako Banku Zentralarentzat pozgarria ez dela deritzo OCDEk, energia produktuak etaelikagai freskoak kenduta ateratzen den azpiko inflazioa oso gertu baitago, %1,7an; unean uneko faktoreok kontuan hartu gabe, prezioek igotzeko joera garbia dutenaren erakusle.
Mezua EBZri
Japonia eta AEBen aldean, beraz, Euroguneak OCDEren azterketa ez duela gainditu dirudi, zeren eta OCDEko herrialdeen artean Europa kontinentala «puntu ahula» dela uste baitu Cotisek. Erakundeko ekonomia buruak Eurogunearen eta AEBen artean tarte handia dela azpimarratu arren, euroaren eremuan egoera hobera egiteko zantzuak daudela aurreratu zuen. Dena den EBZri garapena tentuz zaintzeko galdegin zion eta susperraldiak atzeratzen jarraitzen badu, berriz ere banku zentralak Euroguneko interes tasak jaitsi beharko dituela uste du OCDEk.
DIRU BERRIA
Euroa, gero eta ahulago
Alemania eta Frantziaren arazoek, batetik, eta AEBetako ekonomiaren makinaria suspertzen ari denzantzuek maiatzetik euroa %8 jaitsiarazi dute, eta ondorioz, neurri berean, dolarra igo egin da. Atzo ere beherantz jarraitu zuen diru berriak eta Europako Banku Zentralak 1,0783 dolarretan ezarri zuen euroaren truke ofiziala atzo. Euroaren jaitsierak eragina izan dezake hilabeteotan kontsumo prezioetan inportazioak garestituko direlako. Faktore hori oso kontuan izango du gaur Europako Banku Zentraleko Gobernu Kontseiluak. Ez da aldaketarik espero.