ABB taldeko Oiartzungo Niessen enpresako arduradunek Jaurlaritzako, Aldundiko eta Errenteria eta Oiartzungo agintariak eraman dituzte gaur goizean euren lantegira, eta behe tentsioko eta domotikako ekipoak diseinatu eta ekoizten dituen instalazioetan bisitaldia egin dute guztiek. "Niessenek mende luze batean etengabe gaurkotzen jakin du", esan du Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk enpresaren mendeurreneko ekitaldian. "Eredu da industria tradizionalaren berregituratze alorrean, behar berrietara egokitzen jakin duelako".
Datorren astartean Lakuak onartu behar duen 4i estrategiarekin lotu du Niessen, Oiartzungo enpresa "estrategia horren helburuekin bat datorrelako". Nazioartekotze programa berriak lau helburu izango ditu: Basque Country estrategia garatu —"Niessen da Basque Countryko enbaxadore onena", esan du Urkulluk—; enpresa multilokalizatuak sustatu; esportazioak bultzatu, 1.750 enpresa merkatu berrietan sartzeko; eta kanpo bekak zabaldu, "giza kapitala indartzeko".
Ekonomia suspertzeko datozen hiru urteetan Jaurlaritzak 5.700 milioi euro inbertituko dituela berretsi du EAEko lehendakariak. "Enpleguarekin dugun konpromisoari erantzuteko". Urkulluk esan du bere gobernua "gardena" izan dela, eta 2013 eta 2014 bi urte zail izango zirela "onartu" zuela hasieratik. "Zorroztasuna aplikatu dugu kontuetan". Enpresarien eta sindikatuen arteko harremanei ere erreparatu die: "Enpresa osatzen duten langile eta enpresaien arteko elkarrizketa sozialaren erronkaren neurria ezagutzen dut. Lanabes horrek berpizteko eta enplegua sortzeko balioko du".
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere, Niessen sinatutako lan ituna dela eta, langileak eta enpresariak zoriondu ditu. Oiartzungo enpresan duten harremanak beste batzuentzako "eredugarria" behar duela esan du Garitanok. Duela 100 urte Gipuzkoan sortu eta Gipuzkoan jarraitzen duela azpìmarratu du ahaldun nagusiak, Gipuzkoak "berrikuntzari, trebakuntzari eta teknologiari tinko" eusten diola erantsita. Niessek etorkizun oparoa duela ere esan du bukatu aurretik, eta agurtzean "gipuzkoari entxufatua" jarraitzeko eskatu die Garitanok Niessenen arduradunei.