BEHARGINAK

OITk ohartu du bi langiletik bat pobrezian bizi dela munduan

Lanaren Nazioarteko Erakundeak lanpostu gehiago eta produktibitate handiagokoak exijitu ditu 2004 eta 2005 urteetako Munduko Lanari buruzko Txostenean, «pobrezia apaltzeko tresna funtsezkoak direlako»

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Munduko langileen erdia pobrezian bizi dela ohartarazi zuen atzo OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak. 1.400 milioi beharginen soldatak, beraz, ez zuen eguneko bi dolarren muga gainditu joan den urtean. Hori dela eta OITko zuzendari nagusiak, Juan Somaviak, lanpostu gehiago eta kalitate hobeagokoak aldarrikatu zituen, «munduko pobrezia apaltzeko tresna funtsezkoak direlako».

2004 eta 2005eko Munduko Lanari buruzko Txostenaren aurkezpenean, pobrezia murrizteko, lan aukera egokiak eta produktiboak sustatzeko politika ekonomikoak giltzarria direla azpimarratu zuen Lanaren Erakundeak . Nazio Batuen Milurteko Garapenerako Helburuak aintzat hartu 2015erako txirotasunean bizi diren langileak erdira murrizteaeta munduko beharginek enplegu egokiak izateko aukera justua espero dutela azpimarratu zuen Somaviak.Txostenaren arabera, 186 milioi langabe ziren joan den urtean. Hala ere, beharrean ari diren eta pobrezian diren pertsonen kopurua zazpi aldiz handiagoa dela nabarmendu zuten. Izan ere, joan den urtean 2.300 milioi pertsona beharren ari baziren, erdia egunean bi dolar baino gutxiagorekin bizi zela azaldu zuten. Gaineratu zutenez, «550 milioi lagun dira eguneko dolar batera iristen ez direnak».

Produktibitatea

«Enplegu egokiak eta produktiboak sortzea eta globalizazio bidezkoagoa sustatzea behar-beharrezkoak dira langile txiroen kopurua murrizteko», berretsi zuen Somaviak. Era berean, onartu zuen enplegurik ez izatea ez dela pobreziaren arrazoi bakarra. «Produktibitate apalagoko enpleguak ere aintzat hartu behar dira».

Zehaztu zuenez, «produktibitatearen hazkuntza, azken finean, ekonomiaren hazkuntzaren motorra da, pobreziatik irteteko gizon eta emakumeek behar adina sarrera izatea bideratuko duena». Izan ere, lehen aldiz erlazionatu eta batera aztertu ditu erakundeak enplegua, produktibitatea eta pobreziaren murrizketa.Produktibitatearen hazkuntzaren onurak, lehenik eta behin, enpresan igartzen direla azpimarratu zuten; dela ekoizpen kostuen murrizketarekin, dela mozkinen eta lehiakortasunaren hazkuntzarekin. Onura horiek, ondoren, langileek jasoko dituztela azaldu zuten txostenean, sarrera hazkuntzen edo lanaldi laburragoen bidez. Gaineratu zutenez, makroekonomian eragingo dute azkenik, prezio apalagoekin, kontsumoaren hazkuntzarekin eta lan aukera handiagoekin.Errealitatean, aitzitik, aldaketak bestelakoak izan daitezkeela onartu zuten. Beharginen enpleguen eta sarreren aldaketa garrantzitsuak «beste adierazleekin» ezkutatu daitezkeela ohartarazi zuten. Alegia, produktibitatearen hazkuntzek zenbait sektoretako lanpostuen murrizketa eta besteetako hazkuntza eragin dezaketela. Hori dela eta, erakundeek «aldakorra den lan merkatura egokitzeko, langileen segurtasuna eta gaitasuna bermatzeko aukera eman» beharko luketela gaineratu zuten.

Zerbitzuen garrantzia

Hazten ari diren eta dinamikoak diren sektoreen garrantzia aipatu zuen Somaviak, langile gehienen jarduera sektoreak direlako. Zerbitzuetako jarduera goraipatu zuen zehazki. «Produktibitate eta enplegu hazkuntza bideratzeko gai dela erakutsi dute zerbitzuek eta, gainera, maila ezberdinetako beharginentzako postuak sortzen dituzte», jaso dute txostenean.

Nekazaritzako jarduerari, ostera, gehiago erreparatzeko ohartarazi zuten eta sektoreko langileen gehiengoak legezko baldintzak betetzen ez dituztela salatu. Halaber, garatzeko bidean diren herrialdeetan, langileen %40 nekazaritzan aritzen direla eta Barne Produktu Gordinaren %20 bideratzen dutela azpimarratu zuten.Enpresa txikien inguruan, enpleguak sortzeko gaitasun handia dutela azaldu zuen Lanaren Nazioarteko Erakundeak. Hala ere, konpainion produktibitatea murrizten den hein berean, laneko pobrezia murrizteko gaitasuna murrizten dela baieztatu zuten.

-

AURREIKUSPENAK



 

2015erako, pobreak erdira





Datuak aski ezkorrak izan arren, Lanaren Nazioarteko Erakundeak azpimarratu zuen egoera ez dela erabat kaskarra. 1990eko datuekin alderatuta, bi dolar eta dolar batekin baina gutxiagorekin bizi diren langileen kopurua apaldu egin dela azpimarratu zuen. Era berean, ekonomiaren hazkuntza tasak egungo mailan jarraituz, munduko zenbait eskualdeetan dolar batekin baina gutxiagorekin bizi diren beharginak 2015erako erdira murriztuko direla iragarri zuen.

Izan ere, epe luzeko produktibitatea haztea lortu duten eskualdeetan, 2015erako pobrezia erdira murrizteko aukera gehiago dituztela nabarmendu zuen. Eguna dolar batekin baina gutxiagorekin igarotzen dutenen kopurua erdira jaisteko, BPGren urteko hazkuntzak %4,7koa behar du. «1995 eta 2005 urte bitarteko %5eko hazkuntzak irauten badu, helburua lortu daiteke».Hala ere, iragarpenok Txinaren, Ekialdeko Asiako hegoaldearen eta Asiako Hegoaldearen hazkuntza azkarrak baldintzatzen dituztela ohartarazi zuen. Garatzeko bidean diren herrialdeek, Ekialde Hurbilak eta Ipar Afrikak helburua bete dezaketela iragarri zuen. Zalantzan jarri zuen, aitzitik, Hego Amerikak eta Karibeak lortuko dutenik eta Saharaz hegoaldeko Afrika oso atzeratuta dagoela nabarmendu zuen. Bi dolar baino gutxiago dituzten beharginen kasurako, ordea, «Ekialdeko Asiak soilik du lortzeko benetako aukera», zehaztu zuen OITk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.