Okerrera, oraindik

Ivan Santamaria.
2009ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Ez bilatu euskal ekonomian kimu berderik, nekez aurkituko dituzu. Nazioarteko Diru Funtsak, Europako Banku Zentralak eta nazioarteko beste erakunde batzuek hazkunde aurreikuspen globalak hobetu dituzte, baina kontrako bidea hartu du Eusko Jaurlaritzak, eta EAEko ekonomiaren atzeraldia espero baino are sakonagoa izango dela ohartarazi du.

Aldaketarik ezean, aurten %3 egingo du atzera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGak. Betetzen bada, gainbehera historikoa izango da. 1980. urtetik soilik hiru urtetan izan du hazkunde negatiboa EAEk, eta sekula ez %2 baino handiagoa. Errebote azkar baten aukera baztertu du Ogasun sailburu Carlos Agirrek, halaber. Bigarren hiruhilekoa txarra izan da, eta hirugarrena espero baino motelagoa izaten ari da.

Klixe asko txikitu ditu krisiak orain arte. Ziklo ekonomikoaren aldaketa atzemateko ezintasuna agerian geratu da, besteak beste. Inor ez da gai izan etorriko zena garaiz asmatzeko.

Eusko Jaurlaritzak, hain zuzen ere, %1,5eko hazkundea erabili zuen 2009ko aurrekontuak prestatzeko. Urtarrilean, Ibarretxeren gobernuak aurreikuspena aldatu zuen, eta BPGa %0,5 handituko zela jakinarazi zuen. Otsailean - oraindik ere bozen aurretik - 2008ko azken hiruhilekoan hazkunde negatiboa egon zela jakin zen. Datu hori eskuetan izanik ere, aurten ez zela atzeraldirik egongo adierazi zuen Idoia Zenarrutzabeitia lehendakariordeak. Gobernu aldaketa gertatu ondoren, maiatzean, bi urterako atzeraldia iragarri zuen Jaurlaritza berriak, eta aurten erorketa %2,4 izango zela aurreratu zuen. Hori ere ez da beteko, antza. Susperraldia urrun ikusten du oraindik, hamabi hilabetera, gutxienez.

Zalantzarik gabe, unean uneko datuek ziotena aintzat hartuta egindako kalkuluak izan ziren, guztiak. Baina ohiko ereduek huts egin dute, ez dute balio izan benetan gertatuko zena islatzeko. Krisiak gauza asko aldaraziko dituela esaten da, eta hor ekonomialariek badute zer ikasi, hurrengo batean aurreikuspenak fidagarriagoak izan daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.