«Gasna ongi hautatuz gero, baserri munduko biziaren mantentzen duen eragile saihetsezina bilakatzen da kontsumitzailea». Mezu hori irakur zitekeen atzo ELBko 90 bat laborarik Angeluko Carrefour zentro komertzialeanbanatu zituzten esku orrietan. Ossau Irati AOP sor-markaren pean diren gasnen eta, nahiz «eite handia ukan», labelaren pean ez diren ekoizpenen arteko ezberdintasuna kontsumitzaileei azaltzen pasa zuten arratsaldea.
Ardi esnearen inportazioa gaitzesteko mugimenduak beste forma bat hartu zuen atzo. Makeako (Nafarroa Beherea) Onetik esnetegiaren okupazioa gelditzeko erabakia hartu zuten atzo gauean. Hain zuzen, enpresak hamalau laborari auzitara eramanik, Jean-Paul Duhalde ELBko kidea zigortu eta tokiak husteko manua eman zuen Baionako auzitegiak. Hala eta guztiz ere, mobilizaturik segitzen dute, ez delako orain arte aterabiderik aurkitu. Atzo egitekoa zen Interprofesionalaren bilera, baina azkenean hori ezeztatu zuen prefeturak, «okupazioa bazeino» ezin delako negoziatu. Otsailean adostu akordioa azkenean ez du errespetatuko industriak. Iaz zazpi milioi litro sarraraziko zituztela erran bazuten ere, azkenean 8,2 milioi litro inportatu zituzten. Aurten bederatzi milioi litro sarraraziko dituztela jakinarazia dute. Industriak «hitza jan izana» salatzen du ELBk.
«Pedagogia egiten gabiltza», zioen Duhaldek, zehaztuz kontsumitzaileei «esne ezberdina izanki irudi berdina erabiliz salduak direla gasnak, baina ezberdintasun bat badela»: bata da Ossau Irati, bestea ez.
CLPBren gasna salduz
Ber mementoan, lauzpabost lagun CLPB kooperatibaren gasna saltzen gelditu ziren Carrefourren sartzean. Kooperatiba horretako 84 ekoizleek ez dute esne biltzailerik, CLPBren esnea ez hartzeko manua eman zietelako industrialek beste esnetegiei, joan den asteleheneko interprofesionalaren biltzarrean. Orokorki, CLPBren gasna erosiz edo hizketan geldituz, kontsumitzaile andana batek erakutsi zieten sostengua.
Okupazioa utzi, eta kontsumitzaileak informatzen aritu dira ELBko kideak
Angeluko Carrefour dendan elkartu dira atzo 90 bat laborari, CLPBren gasna saltzeko eta krisiaren azaltzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu