Ekimenak ikusmin handia piztu du, eta adjudikazioan lehia estua espero da. Edonola ere, CAFen «erronka» hor egotea dela ziurtatu dute zuzendaritzako ordezkariek. Oraingoz, itxaron beharko du, adjudikazioa Lula presidentearen ordezkoa erabakiko duten hauteskundeak igaro arte ez baita gertatuko, urte amaieran.
Esperientzia eta kokapena alde ditu Beasaingo enpresak. Orain dela urtebete basoa baino ez zegoen tokian, dagoeneko ekoizten dituen tren-makina eta bagoien laurdena baino gehiago hasi da egiten. Sao Paulo estatuko hiriburutik 115 kilometrora dago lantegia, Hortolandia izeneko herrian.
Orain dela urte batzuk aldiriko trenak egiten hasi zen CAF Sao Pauloko estatuarentzat. Orain, metrorako makinak gertu ditu. Lehenbizikoak heldu den igandean hasiko dira probetan. Joan den otsailean, gainera, beste kontratu bat adjudikatu zion Sao Pauloko estatuak, metrorako beste 36 tren ekoizteko, 1.500 milioiren truke.
Baliteke azken enkargua ez izatea, gainera. Estatuko Garraio Idazkaritzak 2014. urtera arte 9.000 milioi euroko inbertsioak aurreikusi ditu, burdinbide osoa berritzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Bernabe Unda garraio arduradunekin egon da egunotan, eta euskal enpresei sektore horretan sartzen laguntzeko batzarra antolatzeko asmoa du datorren urrian.
Amerikan hedatzeko bidea
Hortolandiako lantegia martxan jartzeko 45 milioi euroko inbertsioa egin zuen konpainiak. Gaur egun, 750 langile ditu, eta taldeak Euskal Herritik at dituen lantegien artean bigarrena da. Abiadura Handiko Trenarekin batera, jarduera Brasilgo beste estatu batzuetara hedatzen ahaleginduko da CAF. Halaber, Amerikako beste herrialde batzuetarako jauzia prestatuko du bertatik.
Egunotan Brasilen dabilen euskal ordezkaritza CAFeko lantokian egon zen atzo. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari tren txiki bat oparitu zion konpainiako kontseilari-ordezkariak, Andres Arizkorretak. Ondoren, Brasilgo enpresaburuekin bazkaldu zuen Lopezek.