ekoNOMIA

Onartu dute Espainiako lan erreforma, EAJren eta CiUren abstentzioei esker

Corbacho Lan ministroaren ustez, "enpresaburuei eta langileei segurtasun handiagoa emango die". Besteak beste, hemendik aurrera langileen kaleratze merkeagoa izango da.

2010eko irailaren 9a
13:11
Entzun
Espainiako Kongresuak gaur eguerdian onartu du lan erreformaren behin betiko testua, PSOEren botoei eta EAJren eta CiUren abstentzioei esker. Tramitazioa hasi zenetik 600 emendakin aurkeztu dituzte; onartuak, 70.

"Lege berriak luze iraungo du, orekatua da eta anbizio handikoa. Ekonomiarentzat eta gizartearentzat erreforma ona da", adierazi du gaur Celestino Corbacho Espainiako Gobernuko Lan ministroak. "Enpresaburuei eta langileei segurtasun handiagoa emango die".

Besteak beste, erreforma berriarekin langileen kaleratze merkeagoa izango da. Orain arteko kontratua baino hamahiru egun gutxiagokoa da kalte-ordaina: hogei eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko. Kasu guztietan ordainetik zortzi egun ez ditu enpresak jarriko, Fogasak baizik. Galerak espero dituztela argudiatuta kaleratu ahal izango dute enpresek.

Horretaz gain, enplegu zerbitzuan izena eman eta eskaintzen dizkioten prestakuntza ikastaroei uko egin ahal izango die langabeak 30 egunen barruan; orain arteko epea 100 egunekoa zen. Kobratu beharreko langabezia saria orduen arabera neurtuko da, ez egunen arabera.

UGT eta CCOO sindikatuek Espainiako Estaturako greba orokorra dute deitua hilaren 29rako. Gaur Kongresuan ERC, IU eta ICVk esan dute babestu egiten dutela deialdia. ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk ekainaren 29rako deitu zuten lanuzte orokorra Hego Euskal Herrirako. Euskal gehiengo sindikala osatzen dute seiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.