Enpresak

Onnera Groupek 300 milioi euroko salmentak egin nahi ditu 2020rako

Mondragon taldeko kooperatiba 243 milioi euroko fakturazioa espero du 2017an, iaz baino %13 gehiago.

Onnera Groupen stand bat. BERRIA
xabier martin
2017ko ekainaren 23a
16:18
Entzun

Oñatiko Onnera Group kooperatibak hazkunde aro interesgarri bizi du. Sukaldaritza, garbigintza eta hotz-sistemen esparruetan enpresa liderren artean dago Europan, eta horrela segitu nahi du datozen lau urteetan. Mondragon taldeko enpresak 2020ra arteko plan estrategikoa egin du, eta hark islatzen du 2020an 300 milioi euroko salmentak lortu nahi dituela. Horrek %64ko igoera ekarriko luke fakturazioan 2014. urtearekin alderatuta, eta %40koa ezagutarazi dituzten azken emaitzekin alderatuta, 2016koekin.

Izan ere, 2014an 183 milioi euroko salmentak egin zituen Fagor Industrial ohia. Ordutik hazkunde aro betean ari da enpresa oñatiarra, eta Onnera Groupera egindako izen aldaketa ere lotura dauka horrekin. Iker Alberdi zuzendari nagusi berriak esan duenez, salmenten %67 atzerrian egiten ditu kooperatibak, eta haren merkatu handienak AEB eta Frantzia dira. Euskal Herriko eta Espainiako merkatuetan, berriz, gainontzeko herena saltzen du. Espainian liderra da sektorean.

Berrikuntzak ahalbidetu dio Onnera Groupi Europako lidergoan kokatzea, eta datozen urteetan ere berrikuntza atalean sakonduko enpresak, 150 ingeniariren lanaren bidez. Datozen lau urteetan 40 milioi euroko inbertsioa egingo du enpresak, eta batik bat berrikuntzara bideratuko du ahalegin hori.

2017ko lehen hiruhilekoan aurreikuspenak gainditu ditu kooperatibak, %18ko hazkundea izan duelako salmenten atalean, eta ebitda emaitza %51 hobetu delako. Urteko bigarren hiruhilekoan ere, eskaera poltsa aurreikusitakoa baino handiagoa da, eta hainbat obra handi egiteko erronkak azaltzen dira zerrendan. Onnera Group Ekuadrorreko ospitale sareetarako ariko da aurki, Madrilgo Wanda Metropolitanon, Parisko Instantzia Handiko Auzitegian, Kanariar Uhartetako Victoria Suite hotelean...

Onnera Groupek zortzi lan zentro dauzka mundu zabalean, esaterako, Frantzian, Polonian eta Mexikon, eta 1.800 langilek dihardute haietan. Euskal Herrian bazkideak dira gehienak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.