Radio Euskadin elkarrizketatu dute Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusia, eta ontziolen egoera izan du hizpide. Sektoreko langileei elkartasuna adierazi die euren lanpostuen defentsan, "ontziola publikoak pribatizatuak izan ondoren triskantza bat egin ez dezaten".
Tax lease sistema, zeinaren bidez ontziolek 2005 eta 2011 artean ez zituzten zergak ordaindu, legez kanpokoa dela ebatzi zuen Europako Batasuneko Lehia komisario Joaquin Almuniak, eta diru hori inbertitzaileek itzuli beharko dutela berretsi zuen atzo Almuniak berak, besteak beste Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministerioarekin eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eginiko bileran.
"Opor fiskalekin gertatu zena dakarkit burura isunak", adierazi du. Azaldu du "paradoxa eta itxurakeria" dela Europako Batasuna egiten ari dena, "laguntza fiskalen legezkotasunaz edo ilegaltasunaz aparte".
Muñozek gaineratu du EBk "onartu" egiten duela finantza erakundeei "dirutza" ematea, eta salatu du horiek ez direla "legez kanpoko laguntzatzat" jotzen.