Eusko Jaurlaritza berriak 700 milioi euro gutxiago izango ditu gastatzeko datorren urtean. Finantzen Euskal Kontseiluak aurtengo zerga bilketaren likidazioa eta heldu den urtekoaren aurreikuspena onartu zituen atzo. Batzarra hauteskunde ostera atzeratu izanak ez ditu baretu animoak, eta ezadostasun ugari izan ziren erabakiak hartzeko tenorean.
Ia sei ordu iraun zuen Eusko Jaurlaritzaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundien bilerak. EAEko erakunde publikoen artean diru baliabideak banatzeko bilerak oso teknikoak izaten badira ere, aurtengoak bazuen ikusmina, bozetatik aterako zen gobernu berriak heldu den urterako mila milioi gutxiago izango zituela izan baita EAJko lehendakarigai Iñigo Urkulluk kanpainan egindako akusazioetako bat.
Bi alorretan azaleratu ziren ezadostasun handienak. Alde batetik, opor fiskaletatik aurten berreskuratu den diruari eman beharreko tratua. Bestetik, datorren urtean zerga bidez biltzea espero den diruaren kalkulua. Batzarra hainbat aldiz eten zuten, eta ahaldun nagusiek ezohiko irudia eskaini zuten Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzaren kanpoaldean, hitz egiten eta erretzen. Liskarraren zenbaterainokoa agerian geratu zen erakundeek bileraren edukiari buruzko iritzia banan-banan emango zutela iragarri zutenean, orain arte bezala mahaia eta txandak partekatu ordez.
Foru ogasunen zuhurtzia nagusitu zen bilketaren kalkuluan. 2013. urtean zerga bidez 11.825 milioi euro lortzea espero dute. Kopuru hori ontzat jo zuen Finantzen Euskal Kontseiluak, ahaldun nagusien aldeko botoekin, baina Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkariak abstenitu egin ziren. Kalkulu hori «zuhurregia» dela ziurtatu zuen Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak.
Bilketaren aurreikuspenak garrantzi handia du. Izan ere, datorren urterako aurrekontu proiektuak horretan oinarritzen dituzte Jaurlaritzak eta aldundiek. Eskura izango duten diru gehiena atzo hitzartutako banaketaren arabera jasoko dute. Aurten huts egin du aurreikuspenak — uste baino 716 milioi gutxiago jasoko dituzte ogasunek —, eta datorren urterako irizpide estuagoak jarri dituzte aldundiek. Aurten baino 425 milioi gehiago lortzea espero dute. Ekonomiaren hazkunde nominala —inflazioa aintzat hartu gabe— %0 izango dela aintzat hartu dute, eta bilketaren igoera jadanik indarrean dauden zerga moldaketei esker gertatuko litzateke. Batez ere, Espainiako Gobernuak uztailean onartu zuen BEZaren igoerari esker.
Diru sarrera horiekin, Jaurlaritzak 200 milioi gutxiago izango ditu datorren urteko aurrekontu proiektua prestatzeko. Horiei beste 500 milioi gehitu behar zaizkie, baimendutako defizita erdira jaitsiko baitzaio gobernuari, aurten BPGaren %1,5 izan behar du, eta %0,7ra jaitsiko zaio. Diru gabezia are handiagoa izan liteke, kupoaren bidez aurten baino diru gehiago eskatu duelako Madrilek, doikuntzak egitea falta bada ere.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldunek irizpide tekniko hutsetatik egindako kalkuluak direla esan zuten. Jaurlaritzaren irudiko, ordea, motz geratu dira, nabarmen. «Ez ditu gutxieneko diru sarrerak bermatzen, eta, egingo ez dela esan bada ere, marra gorri batzuk gurutzatzera behartuko du», Agirreren esanetan.
Zerga politikan inolako aldaketarik egin gabe «gutxienez» 12.226 milioi biltzea lortuko zela ziurtatu zuen Agirrek. Zenbaki handia da. Kalkulu hori hartu izan balitz, hurrengo Jaurlaritzak egin beharreko gastu murrizketa bakarra defizitari lotutakoa zatekeelako, Madrilek behartutakoa.
Bileran, gainera, Patxi Lopez lehendakariak proposatu dituen zenbait moldaketaren eragina azaltzen saiatu zen gobernua. Horiei esker 12.600 milioitik gora biltzea posible dela defendatu zuen. Diru horrekin ez litzateke hurrengo urteko aurrekontuan inolako gastu murrizketarik egin beharko, defizita erdira murriztu izana konpentsatuko lukeelako.
'Opor fiskalekin' bueltaka
Bilera hainbeste luzatu zuen benetako liskarrak opor fiskalen diruari dagokio. Enpresei 90eko hamarkadan emandako laguntza fiskal ugari legez kanpokotzat jo zituen Europako Justiziak, eta diru hori berreskuratzera behartu ditu foru aldundiak. Enpresetatik diru hori jasotzeari ekin diote ogasunek, eta orain diru hori banatzeko unea da. Orain dela urtebete egindako finantza kontseiluan banaketari buruzko akordio bat lortu zen, eta aurten bildutako dirutik Jaurlaritzari dagokion partea —hamar eurotik zazpi— aldundi bakoitza aurten ordaintzen hasiko zela hitzartu zuten.
Bilera hasi bezain pronto ezustea gertatu zen. Arabako Foru Aldundiak iazko akordioa zalantzan jarri zuen, eta gobernuari dagokion partea ez zuela orain ordaindu nahi iragarri zuen Javier de Andresek. Bizkaiko ahaldun Jose Luis Bilbaok bat egin zuen eskaera horrekin. Europako Justiziak ez duela oraindik zenbat diru berreskuratu behar den erabat zehaztu argudiatu zuten. Jasotakoa baino gutxiago balitz, baliteke berriro ere enpresei bueltatu behar izatea.
Guztira, 309 milioi berreskuratu dituzte orain arte aldundiek. Diru gehiena, 209 milioi, Arabak eskuratu du. Bizkaian 80 milioi izan dira, eta Gipuzkoan 20 milioi. Diru horretatik 215 milioi jasotzeko eskubidea du Jaurlaritzak. Azkenean, Gipuzkoak bat egin zuen Jaurlaritzaren tesiarekin, eta dirua orain banatzearen alde bozkatu zuen, beste aldundien iritziaren aurka. «Azken ebazpena edonolakoa izanik ere, arriskua txikia da, eta diru hori gordeta eduki beharrean ekonomia aktibatzeko erabili behar da», arrazoitu zuen Helena Francok, Gipuzkoako Ogasun diputatuak. Hortaz, aparteko 215 milioi izango ditu aurten Patxi Lopezen gobernuak.
Erabakiak Bilbao haserretu egin zuen. Diru hori aurtengo kontuen itxiera «apaintzeko» behar zuela aurpegiratu zion Jaurlaritzari, eta atzetik Bilduren eta PSE-EEren arteko akordio ezkuturen bat egon daitekeela iradoki zuen. Jaurlaritzak berrikuntza sustatzeko onartu nahi zuen funtsa ere blokeatu zuen Bilbaok. Hurrengo Jaurlaritzaren jarduna baldintzatu nahi izatea egotzi zion Lopezen jarduneko gobernuari. «Jarrera penagarria izan du gobernuak bileran», laburbildu zuen Bilbaok. Bizkaiko ahaldunaren akusazioei erantzun zien Agirrek. «Ez denean berak nahi duena onartzen hala egiten du». Gobernuak urtea ixteko ez zuela opor fiskalen dirua ezinbestean behar eta hori gabe ere defizit muga ez dela gaindituko ziurtatu zuen sailburuak.
Kontu publikoak. Finantzen Euskal Kontseilua
'Opor fiskalen' 309 milioi euro orain gastatu ahalko dituzte erakundeek
Dirua banatzeko erabakiak bitan zatitu du Finantzen Euskal Kontseilua: Jaurlaritza eta Gipuzkoa alde, Bizkaia eta Araba kontraDatorren urteko aurrekontuan 700 milioi gutxiago izango ditu Jaurlaritzak gastatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu