Europako Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu Eleanor Sharpstonek gaur jakinarazi du zein isun proposatuko duen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioentzat, opor fiskalak emateagatik: 50 milioi euro. Proposamen hori ez da bete beharrekoa, baina auzitegiak gehienetan hartzen du aintzat abokatuaren eskaera.
Berez, isun eskaera Espainiaren aurkakoa da, EBko auzitegiak estatukideekin soilik tratatzen duelako. Baina Espainiako Gobernuak lege bidez argi utzi du diputazioek emandako laguntzen erantzukizuna haiena dela. Abokatuak aitortu du Espainiak laguntza horien %100 itzuli duela, baina isun eskaerari eutsi dio laguntza horiek epez kanpo itzultzeagatik.
Azaroan, Europako Batzordeak 64,5 milioi euroko zigor eskaera egin zuen. Bruselak kalkulatu zuen 2.500 egun pasatu zirela laguntza horiek legez kanpokozat jo zirenetik, eta ordutik igarotako egun bakoitzeko 25.817 euroko isuna eskatu zuen.
Hilabeteak igaro daitezke auzitegiak ebazpena ematerako, eta ezingo da helegiterik jarri.