Arabako Biltzar Nagusiek osoko bilkura egin dute gaur, datorren urteko aurrekontuak aztertzeko. Aldundiaren proposamenak soilik PPko biltzarkideen babesa jaso du, eta, beraz, ez dituzte onartu. Bilduk, PSE-EEk eta EBk egin dute aurka, eta abstenitu egin da EAJ.
Hamasei biltzarkide ditu PPk; EAJk, hamahiru; Bilduk, 11; PSE-EEk, bederatzi; eta Ezker Batuak, bi. Gauzak horrela, aldundira itzuli da aurrekontu proposamena, eta aurtengoak datorren urtera luzatu beharko ditu diputazioak.
EAJ zen giltzarri, baina atzo jakinarazi zuen ez zituela aurrekontuak aurrera aterako. Hala ere, PSE-EErekin kritiko azaldu da EAJko eledun Ramiro Gonzalez; arduraz ez jokatzea leporatu dio, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari zela Arabako aurrekontuak onartu zituelako baina orain berdin jokatu ez duelako.
Aurkeztutako proposamena defendatu du Jose Zorita Arabako Ogasun diputatuak, eta esan du aurrekontuek ez dutela gainditzen "gastu sozialaren marra gorria". Arduraz jokatzeko eskatu die gainerako alderdiei. PSE-EEko biltzarkide Cristina Gonzalezek oroitarazi du hamar urte baino gehiago direla azken aldiz aurrekontuak onartu ez zituztenetik, eta argudiatu du ezezkoa eman diotela proposamenari aldundiak "negoziaziorik gabe murrizketaz jositako aurrekontuak" aurkeztu dituelako.