Azken unean, AEBetako gobernuaren zorpetze muga handitzeko akordioa hitzartu dute demokratek eta errepublikanoek, aspaldiko nahasmen politiko eta ekonomiko handienaren erdian. Lerro hauek idazterakoan, akordioa bozkatu eta berretsi gabe zegoen Kongresuan.
1. Zer da zorraren muga?
AEBetako gobernuak bere fakturak ordaintzeko asko jota erabil dezakeen zorra lege bidez mugatuta dago. Gastua gobernuari dagokion arren, Kongresuak ezartzen du muga hori. Alegia, Barack Obama presidenteak ez du eskumenik zorra handitzeko. Egungo muga 14,3 bilioi dolarrekoa da (10 bilioi euro).
2. Akordioaren oinarriak zeintzuk dira?
Funtsean, gehiago zorpetzeko aukera izango du Obamaren administrazioak, eta ordainketak eteteko arriskua uxatuko du. Trukean, defizita eta gastu publikoa nabarmen murriztu beharko ditu datozen urteetan.
3. Zenbat handituko da zorpetze muga?
AEBetako presidenteak zorpetze muga 2,1 bilioi dolarretan (1,47 bilioi euro) handitzeko baimena lortuko du. Diru horri esker ez du 2013 urtea arte gutxienez konpromisoak betetzeko arazorik espero. Horrek esan nahi du zorpetze muga ez dela berriro eztabaida politikoan sartuko 2012an AEBetako hurrengo presidentea aukeratzeko hauteskundeak igaro arte, Obamak nahi zuen gisara.
4. Nondik murriztuko dute gastua?
Ituna indarrean sartu bezain pronto, bilioi bateko murrizketak (700.000 milioi euro) martxan jarriko dira hamar urterako. Barne mailako gastuak 900.000 milioi dolarretan jaitsiko dira (630.000 milioi euro). Horietatik 350.000 milioi dolar defentsako gastuari dagozkio, lehen jaitsiera 90eko hamarkadatik. Murrizketen ondotik herrialdeko barne gastua txikiena izango da Dwight Eisenhower presidente zen garaitik —1961 urtea arte izan zen—. Era berean, defizitari beste 1,5 bilioi dolar (bilioi bat euro) nondik kendu finkatzeko demokratek eta errepublikoanoek bitarako batzorde bat eratuko dute. Erreforma fiskala aztertzeko eskumena izango du batzordeak, baina errepublikanoek eskura dute eragoztea.
5. Zer gertatuko da ez badira beste murrizketa batzuk adosten?
Azaroaren 23rako defizitari nondik heldu jakinarazi beharko du bitarako batzordeak, eta abenduaren 23rako bozkatu beharko du Kongresuak. Adostasunik ez balego, automatikoki 1,2 bilioi dolarreko (840.000 milioi euro) murrizketa abiatzeko bidea zehaztu du akordioak. Gizarte segurantza eta gizarte laguntzak ez dira ukituko, baina bai laguntza medikuaren hornitzaileak ordaintzeko dirua. Era berean, defentsa gastutik beste 500.000 milioi dolar (351.000 milioi euro) kenduko dira, akordiorik ezean.
6. Nork irabaziko du gehiago akordioarekin?
Era guztietako iritziak daude, baina askoren ustez akordioak ez du AEBek duten gehiegizko zorpetzearen arazoari behin betiko konponbiderik emateko balio. Arlo politikoan, Alderdi Errepublikanoko kide erradikalenak— Tea Party mugimendukoak— gai izan dira berriro Obama presidenteari atzera eginarazteko, eta hirugarren aldia da azken hilabeteetan. Defizita mugatu ahal izateko planaren baitan ez da jaso zergak igotzeko aukera diru sarrerak handitzeko. Bitarako batzordean ituna bilatu dela bermatzeko, defentsa gastua gehiago mugatuko dela ohartarazi zaie errepublikanoei, baina horrek ez du balizko zerga igoera batek bezain besteko efekturik izango.
7. Akordioak ez balu aurrera egingo, zer?
Munduko potentzia ekonomiko nagusiak porrot ekonomikoa izango lukeen lehen aldia denez, ondorioak ezin dira aldez aurretik aurreikusi. Alde batetik, Obamaren administrazioak posible luke zorpetzen jarraitu mugari jaramon egin gabe, baina horrek krisi politiko latza eragingo luke AEBetan. Bestetik, ordainketak etetea erabakiko balu, lurrikara ekonomikoa espero da. Dolarrak balioa galduko luke. AEBentzat interes tasak nabarmen igo, eta zailago luke finantzatzea. Ekonomia atzeraldian sartuko litzateke, langabezia igo, eta nazioarteko beste finantza krisi larria hedatzeko arriskua biderkatuko litzateke. Azken finean, mundua beste atzeraldi handi baten atarian geratuko litzateke. Haatik, akordioak berak ondorioak izan ditzake. Gastu publikoa jaisteak benetan suspertzea lortu ez duen ekonomia bat berriro atzeraldian erortzea eragin lezake.
Orain gastatu, ondoren murriztu
Gehiago zorpetzeko denbora irabaziko luke Obamak, baina gastu publikoari koxka handia ematearen truke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu