Lan merkatua

Orain urtebete baino 16.300 langabe gutxiago daude

Eustaten arabera, langabezia tasa %11,1koa da Jaurlaritzaren eskumeneko eremuan. 113.800 lagabe zeuden, guztira, 2017ko azken hiruhilekoan.

Lanbideren bulego bat, Gasteizen. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
xabier martin
2018ko urtarrilaren 19a
12:09
Entzun

2016ko azken hiruhilekoan baino 1,5 puntu apalagoa da langabezia tasa gaur egun. Eustatek ezagutzera emandako datuen arabera, 16.300 langabe gutxiago zeuden iazko azken hiruhilekoan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa kontuan hartuz, orain dela urtebete baino. Aldi berean, landunen multzoa modu nabarmenean handitu da. Urtebetean 12.300 landun gehiago daude, %1,4 gehiago. Emakumeen artean hazi da gehiago landunen multzoa; 6.500 gehiago daude lanean 2016ko azken hiruhilekoan baino. Gizon landunak 5.700 gehiago dira.

2017ko lehen hiruhilekoan, langabezia tasa %11,4koa zen; bigarrenerako, %11ra jaitsi zen; ondoren, %11,5era igo; eta, azkenik, %11,1ean itxi da urtea. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenaren arabera, urtebete barru %10,3koa izango da tasa; hau da, ia puntu oso bat jaitsiko da 2018ko laugarren hiruhilekorako.

EAEko egungo langabezia tasa Europako Batasuneko batez bestekoarena baino handiagoa da (%7,3). Eustaten datuei jarraikiz, iazko urritik abendurako epealdian, 40.100 familia zeuden haietako kide aktibo guztiak langabezian zituztenak. Urtebetean 1.800 familia atera dira zerrenda ilun horretatik.

Emakume gehiago lanean

EAEko lurraldeetan, 55.900 emakume daude langabezian, 2017ko hirugarren hiruhilekoan baino 6.400 gutxiago. Gizonak, berriz, 58.000 daude lanik gabe, uztailetik irailerako epealdian baino 1.400 gehiago. Beraz, gizonen langabezia tasak gora egin du, %10,8ra arte, eta emakumeenak behera, %11,4ra arte. Gazteen langabezia tasa oso handia da oraindik ere, %17,1ekoa, baina 4,5 puntu jaitsi da.

Lurraldeka, Gipuzkoan eta Araban, behera egin du langabeziak (-2.500), eta Gipuzkoak dauka langabezia tasa txikiena (%8,4). Arabarena %10,8koa da (16.600 langabe); eta Bizkaiarena %12,8koa, azken hiruhilekoan 200 langabe gutxiago zenbatu eta gero. Guztira, 2017ko amaieran, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 915.000 landun zeudela dio Eustaten inkestak, aurreko hiruhilekoan baino 900 gehiago.

Jarduera tasa %56koa da gaur egun. Okupazioak gehien gora egin duen lurraldea Bizkaia da (2.000 gehiago). Gipuzkoan ez dago aldaketarik azken inkestaren datuekin alderatuta; eta Araban gutxiago dira okupatuak, 1.300 gutxiago. Sektoreka, arreta deitzen du eraikuntza dela esparru bakarra okupatu gehiagorekin urteko azken hiruhilekoan; 1.900 gehiago zenbatu ditu. Zerbitzuek (-100), industriak (-400) eta lehen sektoreak (-700) galdu egin ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.