Oraingoz ondo, baina geroarekin kezkatuta daude ontzigileak

2010era arte lana ziurtatuta duten arren, krisiaren eraginak nabaritzen hasi direla esan du Itsas Foroak

Miren Garate.
Donostia
2009ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
2008a urte «oso ona» izan da Euskal Herriko itsas foroarentzat. 2010era bitartean ere lana ziurtatuta dute. Handik aurrera gertatuko denarekin, ordea, kezkatuta daude ontzigileak, eskaerak asko ari zaizkielako jaisten. Izan ere, Asiatik eta Ameriketatik zituzten eskaera batzuk ezeztatu egin dizkiete; inbertsioak ateratzen ari dira; eta eskaera berririk ez dute jasotzen. Aurten, esaterako, bakar bat ere ez dute lortu.

Luis Mari Cañada Itsas Foroko presidenteak jakinarazi duenez gehienak oraingoz ondo baldin badaude ere, enpresa batzuk dagoeneko hasi dira likidezia falta sumatzen. Bankuek kreditu lerroak ukatu dizkiete, eta horren eraginez, kontratu berriak lortzeko zailtasunak dituzte. Era berean, industria laguntzaileari ezin diete ordaindu.

Fakturazioaren jaitsiera aurten bertan igarriko dela dio Cañadak. 1.380 milioi eurokoa izatea aurreikusten dute, hau da, iaz baino %8 txikiagoa. Horren eraginez, enpleguak ere %3 ko jaitsiera izango du, eta sektoreko langile kopurua 8.850 ingurukoa izango da.

Euskal Herrian ez ezik, mundu osoan ari da okertzen itsas sektorearen egoera. Ontzi berrien eskaerarik ia batere ez dago. Aurtengo lehen sei hilabeteetan, kasu, 89 ontzi soilik kontratatu dira, hau da, iaz berean baino %91 gutxiago. 1990etik inoiz ez zen halakorik gertatu. Era berean, eginda zeuden 492 eskaera atzera bota dituzte.

'Loke Viking' itsasoan

Egoerari aurre egiteko, Itsas Foroaren iritziz, batez ere hiru merkatu nitxotan oinarritu behar dute sektoreko euskal enpresek: itsasontzigintza militarrean, ibaietarako ontzietan eta offshore-etan. Azken horiek aukera interesgarria izateko, petrolio upelaren prezioak 80 dolarren bueltan ibili behar duela esan du Cañadak.

Hain zuzen, offshore motakoontzia da euskal ontziola batetik ateratako azkena. Aste honetan bertan itsasoratu dute eta Loke Viking izena du. Artiko inguruko petrolio eta gas plataformei hornidura eta laguntza emango die.

Santurtziko Zamakona ontziolak egin du, eta zerbitzu horretarako Euskal Herrian inoiz egin den ontzirik handiena da. Luzean, 88 metro da, eta zabalean, 22 metro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.