Etxebizitza. Hipotekak

Oraintxe bale, oraintxe kale

Hipotekaren zorra kentzeko aski da etxea itzultzea? Nafarroako Probintzia Auzitegiko Bigarren Atalak baietz esan du kasu batean; auzitegi bereko Hirugarren Atalak, berriz, ezetz beste batean.

Miren Garate.
Donostia
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Oso antzeko bi kasu iritsi dira azken asteotan Nafarroako Probintzia Auzitegira. Oinarri bera zutek biek: hipoteka ordaindu ezinda geratu ziren bi familia, etxea kendu zien finantza erakundeak eta enkantera atera ostean, salmenta prezioa ez da aski izan zor guztia kitatzeko. Bankua ere berbera zen bietan: BBVA. Epaia, ordea, kasu bakoitzean bat izan da. Kasuetako batean, etxea itzulita bezeroak zor guztia ordaindu duela esan du epaileak; bestean, oraindik itzultzeko falta zaion zatia ordaindu beharko duela hipotekadunak.

Mailegua ordaindu ezinik zebiltzanei zirrikitu bat ireki zien Nafarroako Probintzia Auzitegiaren Bigarren Atalak urtarrilean, estreinakoz onartu baitzuten auzitegiek giltzak itzultzea aski zelahipotekaren zorra barkatzeko. Arroizko bizilagun baten kasua zen. BBVAk 75.900 euroko hipoteka eman zion. Kuotak ordaintzen ez zituela eta, kendu egin zion etxea eta enkantera atera. Inor ez zen aurkeztu eta BBVAk berak eskuratu zuen, 42.895 euroan.

Bigarrenean,erdi prezioan

Hipoteken Legearen arabera, etxe bat enkantera ateratzen denean, tasazio prezioan ateratzen da eta edonork egin dezake eskaintza.Alabaina, hamarretik bederatzitan ez da proposamenik egoten. Lehen enkantea hutsik geratzen bada, bigarrenean erdi prezioan eros daiteke. Etxebizitzen burbuilaren urteetan, etxearen balioaren pareko hipotekak ematera iritsi ziren finantza erakundeak. Ez da harritzekoa, beraz, enkantean lortutako dirua aski ez izatea mailegu osoa pagatzeko.

Arroizko kasuan ere hala gertatu zen. 42.895 euroan saldu zen enkantean, baina bezeroak 71.000 euro zor zituen artean. Falta ziren 28.000 euroak eskatzen segitzea erabaki zuen, beraz, BBVAk, eta baita atzerapenei zegozkien interesak ere. Hainbat herrialdetan, AEBetan esaterako, legeak aukera ematen du etxea itzulita zorra kitatzeko. Espainiakoak ez du baimentzen. Haren arabera, zordunak dauzkan «oraingo eta etorkizuneko» ondasunekin erantzungo du baldin eta hipotekatutako ondasunak enkantera atera eta ez bada zor den adina diru lortzen.

Bigarren Ataleko epaimahaiak, ordea, legea gaur egungo testuingurura ekarri zuen. «Etxearen balioaren galera zuzenean lotuta dago ekonomia krisiarekin, finantza sistemaren praktika okerrek 1929ko depresio handiaz geroztik izandako krisi ekonomikorik okerrena eragin baitute», zioen epaiak. Hau da, etxea finantza erakundeak berak tasatu zuela, kopuru horren arabera eman zuela hipoteka eta ez zela bidezkoa etxeak balioa galdu zuela argudiatzea. Bankuek eurek eragin bazuten balio galera horren kostuak onartzeko prest egon behar dutela adierazi zuen.Hala, ordaindutzat eman zuen hipoteka.

Bigarren kasuan, bestelako iritzia erakutsi du epaileak —jurisprudentzia finkatzeko bi kasuk egon behar dute gutxienez—.Lizarrako Lehen Auzialdiko epaitegiak hasieran hipotekadunari eman zion arrazoia. BBVAk, ordea, helegitea jarri zuen. Nafarroako Probintzia Auzitegiko Hirugarren Atalak hartu zuen gaia, eta herenegun eman zuen epaia. Haren arabera, epaileak «independentziaz» jokatu behar du eta «legearekiko sumiso» izan. «Araudia hain argi egonda, ez dugu ulertzen zergait saihestu zuen hura btearaztea Lehen Auzialdiko Epaitegiak», gaineratu du.

Kasu horretan, 203.000 eurokoa izan zen hasierako tasazio prezioa, eta enkantean 137.350 euroan eman zen. 181.846 euro eta interesei zegokiena zor zituen bezeroak. Hala, 44.496 euro ordaindu beharko dizkio etxerik gabe geratu den bezeroak.

Polemika handia eragin du gaiak. Kontsumitzaile elkarteekHipoteken Legea aldatu egin behar dela diote.Ausbanc bankuen erabiltzaileen elkarteko EAEko arduraduna da Marisa Gracia. «Egia da legearen arabera bezeroak ordaindu egin behar duela zor guztia. Galdera da ea legea justua den». Bigarren Ataleko epailearen erabakia txalotu du,aterik ez baina zirrikitu bat ireki dielako hipotekak itota dabiltzanei.

Haietako asko Katalunian sortutako Afectados por la Hipoteca plataformako kide dira. Lucia Martin bozeramaileak azaldu duenez, ohikoa izaten da kalean geratzea eta, gainera, etxea kendu aurreko adinako zorra ordaindu behar izatea.«Demagun 300.000 euroko hipoteka eman digutela eta zorraren parte txiki bat kitatu duguneangeratzen garela ordaindu ezinda. Etxea 150.000 euroan eskuratzen du finantza erakundeak bigarren enkantean. Guri ia beste 150.000 euroko zorra geratzen zaigu, atzeratutako interesak ordaindu behar ditugu, eta, gainera, epaiketaren gastuak. Posible da lehen adinako zorra pilatzea eta etxerik gabe geratzea».

Hipoteken Legea aldatzeak berak ere baditu bere desabantailak herritarrentzat, eta horretan oinarritu dira finantza erakundeak. Kutxa, esaterako, ez dago ados hipotekaren zorra giltzak itzulita ordaintzearekin.«Hipoteken Legea aldatuko balitz, mailegu emaileek eskaintza egokituko lukete. Etxea itzultzea posible den tokietan kreditu gutxiago ematen dira, eta garestiagoak izaten dira».Ez du uste Arraiozko kasuaren atzetik antzeko asko etorriko direnik. «Epamahaia irizpide moraletan oinarritu zen, eta ordenamendu juridikoak behar bezala aplikatu izan balituzte ez zen posible izango halako ebazpenik». Haren esanetan, epaileek legeak interpretatu behar dituzte, «urratu gabe».

Egunero, lau familia kalera

Krisia hasi zenetik nabarmen egin du gora kendutako etxeen kopuruak. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arabera, Hego Euskal Herrian eta Espainian 118.000 etxe kendu zituzten iaz hipoteka ez ordaintzegatik. Egoera gero eta okerragoa dela salatzeko, protesta egin zuten atzo hainbat elkartetako ordezkariek Bilbon. Altzairu eta etxeko tresnekin atera ziren kalera, hipoteka ordaindu ezinik geratutako familia bat irudikatuz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan etxea egunero laufamiliak galtzen dutela salatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.