Ordoñezek onartu du defizitak ez dituela pentsioak arriskuan jarriko

Pentsio sistema publikoa erreformatu beharra dagoela berretsi du Espainiako Bankuko gobernadoreak

Erredakzioa
2009ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Pentsio publikoen etorkizunari buruzko ika-mika ez da bukatu. Espainiako Gobernuak isiltzeko gomendatu dion arren, Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko presidenteak berriro ere pentsio publikoen sistema erreformatzeko eskatu zuen atzo. Hori bai, aitortu zuen Gizarte Segurantzak aurten defizita izango balu ez litzatekeela «ezer gertatuko» eta ez dituela pentsioak arriskuan jarriko.

Fernandez Ordoñezek ukatu egin zuen pentsioei buruzko alarma berak piztu izana, baina berriro esan zuen sistemak irautea nahi bada gauzak aldatu egin beharko direla. Gobernuko kide batzuek bere tesiekin bat egiten dutela erakutsi nahi izan zuen, eta gogorarazi zuen atzoko El País egunkarian sistemaren erreforma «ezinbestekotzat» jo zuela Octavio Granadok, Gizarte Segurantzako Estatu idazkariak.

«Errezeta gutxiago»

Luzera begira aldaketak egin beharko direla adierazi arren, Celestino Corbacho Lan ministroak ez ditu ongi hartu Espainiako Bankuko gobernadorean hitzak. Atzo berriro eskatu zion Gobernuari «errezeta gutxiago» emateko. Finantza sektoreari begiratzeko aholkua eman zion Corbachok Fernandez Ordoñezi, eta gogorarazi zuen krisia horko «espekulatzaileek» sortu dutela, eta ez langileek.

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren arabera, «ez da egia» pentsioen sistema publikoa arriskuan dagoela, eta Fernandez Ordoñezek bankuek pentsio plan pribatuetan dituzten «interes ekonomiko handiak» defendatzeko haizatu du eztabaida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.