Energiaren prezioak eragina dauka enpresa baten lehiakortasunean. Ez dute ezetzik esan, eta Orkestrak gaur goizean aurkeztu duen txostenak ideia hori indartu besterik ez du egiten. Horren arabera, Europako beste hainbat herrialdeetan baino gehiago hazi delako energiaren prezioa Hego Euskal Herrian eta Espainian. Estatu mailako datuak eman dituzte batez ere, eta horiek bertako enpresetara estrapolatu, baina hala ere argia da aldea: energiaren prezioa produktuena baino %19 gehiago handitu da Espainian, Frantzian %9 eta Alemanian %3 handitu den bitartean.
Horregatik, nazioarteko merkatuetan lehiatzen dabiltzan lantegiei zuzenean eragiten die faktore horrek. Are gehiago lantegiak herrialde batean baino gehiagotan dituzten enpresa multinazionaletan, “herrialdeen arteko kostuen aldeek baldintzatzen baitituzte inbertsio eta erabakiak”, Eloy Alvarez Orkestrako energia katedrako zuzendariaren arabera. Eta hori gertatu da euskal altzairuaren sektorean, Arcelorrek Zumarraga eta Sestaoko lantegiak ixteko hartutako erabakiak aztertzen baldin badira.
Lehiakortasunaren eragile
Industriako ekoizpen prozesuetan, ordea, bestelako erregaiak ere badaude elektrizitateaz gain. Baina une honetan gas eta elektrizitate kontsumoa handitu egin da. Txostenak azaleratu duenez, elektrizitate fakturaren eragina handiagoa da gasaren fakturarena baino. Gainera, EAEk goi tentsioko sareen tarifekin arazo berezi bat duela ebatzi du Orkestraren txostenak. Espainian baino garestiagoa delako elektrizitatea garraiatzea.
Baina energia kostua altua izan arren, Alvarezen diskurtsoa ez da horretara mugatu. Alderantziz. “Energia kostua ez da enpresa baten lehiakortasunaren eragile bakarra”, esan du, nahiz eta aldagai garrantzitsua dela onartu. Baina horri aurre egiteko produktuen eta zerbitzuen berrikuntza, produktua desberdintzeko gaitasuna edo markaren balioa eta beste hainbat eragile indartu behar direla azaldu du.