Ormazabal taldeak martxan jarriko du ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko gune berri bat. Laborategi horretan, argindar sareak aztertu, garatu eta probatuko ditu. Taldeak Boroako industrialdean (Zornotza, Bizkaia) duen ikerkuntza zentroaren ondoan kokatuko dute, eta 2013. urterako lehen fasea lanean izango da. Bizkaiko korporazioak iragarri du 5,5 milioi euroko inbertsioa egingo duela proiektua gauzatzeko.
Taldeko presidenteak, Javier Ormazabalek, proiektua aurkeztu zuen atzo, Bilbon. Ziurtatu zuen konpainiak «abangoardiako ikerkuntza eta garapen teknologikoa» egin ahalko dituela zentro berriari esker. Orain arte, halako saioak soilik benetako argindar sareetan egin zitezkeen, eta energia enpresek baimentzen zutenean.
Eraikin berriarekin batera, bost kilometroko tentsio linea paratuko da, eta halako sare batek errealitatean dituen baldintzak ikertu ahalko dituzte. Produktu eta zerbitzu berriak «azkarrago» diseinatzeko eta garatzeko modua emango die proiektuak, Ormazabalen ustez.
3.000 langileko taldea
Ormazabal taldea 1967. urtean sortu zen. Aurten 45. urtemuga beteko du, eta irudi korporatiboa berritu nahi izan dute enpresaren jabeek. Horrekin batera, korporazioaren izena ere aldatuko dute: aurrerantzean, talde guztiak Veleita marka izango du. Hori bai, taldea osatzen duten hamar enpresek gaur egun duten izen propioari eutsiko diote.
Ormazabal taldeak hamabost lantoki eta 3.000 langile ditu, eta bulegoak ditu hemeretzi herrialdetan. Batez ere, argindar sektorean aritu da, baina gaur egunadarrak ditu telekomunikazioetan (Knock), elektronikan (Ikusi) eta aeronautikan (Wec). Joan den urtean, 575 milioi euroko fakturazioa izan zuen. Ormazabalek aurreratu zuen aurten antzeko kopurua lortuko dutela. Gaur egun, salmentatik bi heren kanpoan egiten ditu konpainiak, eta lauzpabost urte barru hiru laurden esporatzea espero dute.
Ormazabalek 5,5 milioi jarriko ditu laborategi berri bat eraikitzeko
Bizkaiko konpainiak irudi korporatiboa aldatu du, eta 'Velatia' izena izango du aurrerantzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu