Europako Batasuneko (EB) eta euroaren eremuko hazkundea moteltzen ari da. Areago, Europako Batzordeak uste du bigarren seihilekoan gelditu egingo dela. «Aurreikuspenak ezkorragoak dira, eta arriskuak, handiagoak», Olli Rehn Europako Ekonomia Gaietako komisarioaren arabera. Munduko eta EBko ekonomiakberriz atzeraldian sartzeko arriskurik, ordea, ez du ikusten Bruselak. Horregatik, hazkundearen gainetik, gastu publikoa murrizteko neurriak defendatu zituen, hori delako inbertsiogileen konfiantza berreskuratzeko modu bakarra.
Jakina da neurri horiek ekonomiaren hazkundea oztopatu egiten dutela. Ondorioz, udaberrian plazaratu zituen hazkunde aurreikuspenak berrikusi egin behar izan ditu Bruselak, gehienak jaisteko. Frantzia, Italia, Herbehereak, Erresuma Batua eta EB aurretik iragarritakoa baino gutxiago haziko direla uste du orain; Espainia, Polonia eta eurogunea maiatzean iragarri adina haziko direla; eta Alemania gehiago haziko dela. Munduko ekonomiaren bilakaeraren inguruan egindako aurreikuspena ere zuzendu egin behar izan du Bruslelak: orain dio aurten %4,0 haziko dela, maiatzean esandakoa baino puntu erdi gutxiago.
Rehnen esanetan, Europak bi erronka ditu: zerga egonkortasuna berreskuratzea eta, aldi berean, hazkundea sustatzea. «Egunero gogoeta egiten dut zerga eta ekonomia estrategiaren inguruan, eta nire ondorioa da oraingoz neurritasuna baliagarria duela». Horiek hala, erreskateak jaso dituzten herrialdeei —Grezia, Irlanda eta Portugal— eta merkatuen presioa jasaten ari direnei—Espainia eta Italia— orain arteko bidetik segitzeko eskatu zien. Izan ere, herrialde horietan hazkundea indartzeko zerga-pizgarriak ezartzea kalterako litzatekeela uste du Rehnek. Hala ere, nabarmendu zuen okerra litzatekeela herrialde guztiek modu berean jokatzea. «Maniobrarako marjina dutenek egonkortzaile automatiko gisa jokatu behar lukete».
EBZren presioa
Ekonomia gaietarako komisariaren bide beretik jo zuen Europako Banku Zentralak (EBZ) ere iraileko txostenean. Euroguneko herrialdeei gogorarazi zien ezinbestekoa dutela iragarritako neurri guztiak «lehenbailehen eta guztiz» indarrean jartzea, egonkortasun helburuak beteta bakarrik irabaziko dutelako inbertsiogileen konfiantza. Gainera, aurrekontuetan jarritako helburuetara iritsi ezin duten kasuan, uste du gobernuek prest egon behar dutela beharrezko neurri gehigarriak hartzeko, batez ere, gastuaren aldetik. Aurreikusi baino emaitza hobeak dituzten herrialdeei, berriz, aholkatu die defizita eta zorra ahalik gehien murrizteko.
Horrez gain, aurrekontuak «azkar eta irmo» onbideratzeko «egiturazko erreforma funtsezko eta sakonak» egiteko eskatu zien EBko gobernuei, konfiantza, hazkunde aurreikuspenak eta enplegu sorrera indartuko dituztelako. «Erreforma horiek bultzada emango diote herrialdeen lehiakortasunari, ekonomiaren malgutasunari eta epe luzera begirako hazkunde gaitasunari». Egiari zor, ondo etorriko zaie hori, defizit eta zor publiko handiegia dituzten herrialdeak zigortzeko akordioaren oinarriak hitzartu baitzituzten atzo EBko erakundeek.
Arazoak dituzten herrialdeetako ordezkariak zein ez dituztenetakoak, guztiak Poloniako hiriburuan bilduko dira gaur eta bihar Grezia porrotetik salbatzeko asmoarekin. Banku sektorearen diru premia ere aztertuko dute 27 herrialdeetako finantza ministroek, azken asteetan Nazioarteko Diru Funtsak maiz aipatu duen gaia delako.
Ororen gainetik, murrizketak
Aurtengo bigarren seihilekoan Europako Batasuneko eta euroguneko hazkundea gelditu egingo dela iragarri du BruselakOlli Rehn komisarioak esan du «oraingoz» neurritasuna baliagarria dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu