Osalanek esan du Gueñesko lan istripua betoia erori zelako gertatu zela

LABek gaitzetsi egin du lan istripua eta elkarretaratzera deitu du astelehenerako udaletxearen aurrean

Erredakzioa
2008ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Lanean hildakoen kopuruak handitzen ari da oraindik ere Hego Euskal Herrian, herenegun beste gizonezko bat hil baitzen Gueñesen (Bizkaia). Atzo Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Erakundeak jakinarazi zuenez, hondeamakinarekin lanean ari zela bideko hormigoia hautsi, eta amildegi batetik erorita hil zen. Juan Daniel M.R izena zuen eta 27 urte zituen.

Osalanen arabera, 15:00 inguruan gertatu zen ezbeharra. Momentu horretan basoko bidearen konponketa lanak egiten ari zen behargina, baina gehiegi hurbildu zen eskuineko arroilera, eta horrek hormigoia erortzea eragin zuen. Hondeamakina irauli egin zen, eta 50-10 metroko amildegitik barrena jausi zen. Langilea, berriz, ibilgailutik airean atera zen. 20:00ak arte ez zuten larrialdi zerbitzuek lan istripuaren abisua jaso, J.D.M.R-ren lankideak haren laneguna amaitu arte ez baitziren konturatu gertatutakoaz. Larrialdi zerbitzuei kosta egin zitzaien biktimaren gorpua erreskatatzea, istripuaren gunera hurbiltzeko zailtasunak izan zituztelako.

LAB: «onartezina da»

Sindikatuek gaitzetsi egin zuten herenegun gertatutako lan istripua. Aurten, Hego Euskal Herrian 60 hildako langile zenbatu ditu LABek, eta hori «onartezina» da haren iritziz. Berriz ere, lan istripuen atzean «egungo lan merkatua» dagoela azaldu du LABek, eta babes eta prebentzio neurri egokiak hartuta saihestu zitezkeela. Neurri horiek hartzea «derrigorrezkoa» dela gogorarazi die enpresei LABek,baina oraindik ere praktikan ez dituztela jartzen esan du.

Administrazio publikoei ere zuzendu zaie LAB, eta heriotzak saihesteko neurriak hartzen ez dituztela eta segurtasun neurriak betetzen ez dituzten enpresak «ia inoiz» ez dituztela zigortzen salatu du. Gueñesko eta pasa den astean Azkoienen (Nafarroa) izandako lan istripuak salatzeko asmoz elkarretaratzea antolatu du LABek astelehenerako, 11:30ean, Gueñesko udaletxearen aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.