Etxeko langileek gaixotzeko eskubidea izan dezatela. Finean hori eskatu dio Etxeko Langileen Elkarteak Osalan laneko segurtasunerako euskal erakundeari. Hain zuzen, une honetan horrela ez delako gertatzen. Isabel Otxoa elkarteko kideak azaldu duenez, “etxeetan lan egiten duten emakumeen baldintzetan gaixotasun profesionalak izateko arriskua daukate”, eta egoera horri ez zaio erantzunik ematen erakundeen aldetik. Artatu beharreko pertsonaren ohea zein alturatan egon behar den ebatzita dago, esaterako, baina ondoren ikuskaritzarik ez da egiten langileek behar egiten duten esparruetan. “Kontuan hartu beharra dago etxebizitza eremu pribatu bat izateaz aparte lantoki ere bihurtzen dela beharginarentzat”. Bestelako adibiderik ere jarri dute elkartetik: etxetik apenas atera gabe behar egiten duten langileen kasuan, askotan buruko gaixotasunak dituzten pertsonak zaintzen dituzte “gau eta egun”, atsedena hartzeko betarik gabe apenas. Eta horrek “neke psikologikoa” eragiten du, “kasik ez direlako etxetik ateratzen”. Halako egoeretan medikura jo duten beharginei jatorri profesionaleko gaixotasuna denik ez dute tramitatu, eta hori kontuan hartu behar dela azaldu du Otxoak.
Horrez gain, erakundeei bestelako eskaera ere egin die. 2012an lortu zen etxeko langileek Gizarte Segurantzan kotizatu zezaten, eta ordutik “aurrerapausu handiak” eman direla onartu duten arren, oraindik lan handia dago egiteko, Otxoak azaldu duenez. Izan ere, etxeko langile bat gaixotzen denean ez dauka gaixo baimenik hartzeko aukerarik. Eta horregatik, kasu horietan kaleratua izateko arriskua izaten dute beharginek. Izan ere, “beste pertsona bat kontratatu behar izanez gero, bi langileren Gizarte Segurantza ordaindu behar du enplegatzaileak”. Ez hori bakarrik, haurdun geratu diren behargin askoren kasuan lanetik bota dituzte. “Kasu horietan ez litzateke bien Gizarte Segurantza ordaindu beharko, eta hor enplegatzailearen gogo txarra agerian geratzen da”. Horregatik, erakundeei bide horretan lan egiteko eskaera egin die.