Osasuneko zentimoa baliogabetzeko eskatu du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak, batasuneko zerga araudiaren aurkakoa delakoan. Epaileek abokatu nagusiaren irizpidea jarraituz gero —eta hala egiten dute bost kasutik lautan— baliteke ogasunek zerga horren bidez jasotako dirua itzuli behar izatea. Garraiolarien elkarteek kalkulatu dute 13.000 milioi euro bildu direla erregaiaren azken kontsumoari ezarri zaion zerga horrekin. Diru horren oso zati txiki bat baizik ez dagokie euskal ogasunei. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek ez ezartzea erabaki dute, eta Nafarroak ez zuen iazko udara arte jarri. Lourdes Goikoetxea Nafarroako Ekonomia kontseilariak gaur zehaztu duenez, urte hasieratik irailaren 3oera arte 5.798.015,12 euro jaso ditu tasa horrekin. Gasolina edo gasolio litroari 2,4 zentimoko zerga ezartzen dizkio.
Goikoetxeak ez du balorazio handirik egin nahi izan osasunerako zentimoaren balizko amaieraz. Soilik esan du aztertu egingo dituztela Nils Whale EBko abokatu nagusiaren argudioak, eta "baldin eta egokia bada", zuzenketak jarriko zaizkiola.
Whaleren arabera, osasunerako zentimoak bi arlotan egin du behaztopa EBren araudiarekin. Batetik, ez du aurrekontuak orekatzea ez den beste helburu bat betetzen, eta osasun gastuak estaltzeko dela esatea ez da nahikoa. Hidrokarburoen zerga bereziaren xede bera duela dio, hau da, erregaiak zergapetzea haien kontsumoak osasunari eta ingurumenari eragiten dizkioten kalteak gutxitzeko.
Bestetik, EBko abokatu nagusiak adierazi du osasunerako zentimoak ez duela zerga berezien araudia errespetatzen, azken kontsumoa egiten denean ordaintzen delako.
Madrilek, entzungor oharrei
Espainiako Gobernuak bazuen osasunerako zentimoak sor zitzakeen arazoen berri, eta horregatik aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera Hidrokarburoen Legearen barruan sartu zuen. Gainera, eskatu dio EBko auzitegiari zerga baliogabetzen badu ez egiteko atzerako eraginarekin, eta ez ordaindu behar izatea haren bidez jasotako dirua. Diru hori Espainiari eskatzeak arazoak sor ditzakeela onartu du abokatu nagusiak, baina gogorarazi du Madrilek entzungor egin ziela oharrei eta «lege eztabaidatu horrekin» jarraitu zuela, «azken kontsumitzailearen kaltetan».