Susperraldi ekonomikoa sendotuz joango da, batik bat ekonomia aurreratuek egindako ekarpenagatik. Baina badira arriskuak. Lau nabarmendu ditu Nazioarteko Diru Funtsak (NDF): gorabidean diren herrialdeen motelaldia; inflazio baxuak jardueran izan dezakeen eragina; erreforma osatugabeak; eta, azkenik, tentsio geopolitikoen gorakada. Esan du munduko ekonomia %3,6 haziko dela aurten, eta eurogunekoa %1,2.
NDFk gaur aurkeztu du munduko ekonomiaren aurreikuspenak biltzen dituen udaberriko txostena. Espainiari eta Frantziari dagokienez, hobetu egin ditu kopuruak. Urtarrileko txostenean, %0,6ko hazkundea iragartzen zuen Espainiarentzat 2014rako; %0,9 haziko dela dio orain. Mariano Rajoyren aurreikuspenak ere motz uzten ditu zenbaki horrek, ofizialki %0,7ko gorakada baitu emanda Espainiak, nahiz eta espero den apiril bukaeran Bruselara igorri behar duen txostenean kopuru hori gehitzea.
Frantziako Gobernuak BPGa %0,9 haziko zen ustearekin prestatu zituen aurrekontuak, eta NDFk ere kopuru hori bera iragartzen zion urtarrilean. Orain, hamarren bat hobetu dio. 2015erako, berriz, Espainiarentzat %1eko hazkunde prebisioa egin du, eta Frantziarentzat %1,5ekoa.
Hazkundeak ekarriko duela enplegua esaten da. Arlo horetan ere hobekuntzak ikusten ditu NDFk, baina ez beste mundukoak. Hobetzeko marjin handia du Espainiak: %26,4ko langabezia tasarekin bukatu zuen 2013a; 2014a amaitzerako %25,4ra jaitsiko dela dio Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak; eta 2015an %24,9ra. Frantzian, Hollandek iragarritako «langabezia lerroaren iraulpenik» ez du ikusten. Are gehiago, luzatu egingo da lerroa aurten: %10,8tik %11ra igoko da, eta 2015ean, %10,7ra gutxitu.
Erreformak Europan
NDFaren arabera, Europako ekonomia nagusiek hazkundearen bidea hartu zuten iaz, eta bide horretan aurrera egingo dute aurten ere. Barne kontsumoa egonkortu da eta esportazioek laguntzen diote ekonomiari. Erakundearen txostenetak, ohikoak izaten dira «baina» hitzak, datu positiboek euforiarik eragin ez dezaten. Oraingoan ere hala da. «Baina langabezia eta zor publiko handia, inbertsio eskasak eta kreditu falta hazkundeari eragiten ari zaizkie». Arrisku gisa ikusten ditu guztiz gauzatu ez diren erreformak eta inflazioa are gehiago murriztea. NDFarentzat egin behar dena hau da: «Diru politika espantsiboa, finantza sektorearen erreforma bukatu eta ezinbestekoak dira erreforma estrukturalak gauzatu».
AEBei dagokienez, 2013ko bigarren seihilekoak hazkunde erritmoa uste baino handiagoa izan zela adierazi du, neurri batean barne eskaerek eta esportazioek eraginda. Aurtengo negua ohikoa baino gogorragoa izan da, eta horrek jarduera motelduko zuen ustea du NDFk. Hala, urtarrilean egindako aurreikuspneak mantendu ditu herrialdearentzat: %2,8 haziko da aurten, eta %3 datorren urtean.
Aitzitik, gorabidean diren herrialdeekin kezkatuta dago. Munduko hazkundearen bi herenak baino gehiago haiek sortzen dituzten arren, «desilusioa ematen» ari direla esan du, okerreko finantza testuinguruan ez baitira espero bezala erantzuten ari. BRIC herrialdeei dagokienean, Txina %7,5 haziko da aurten eta India %5,4. Aurrez ere kopuru horiek iragarri zituen NDFk. Errusiaren aurreikuspenak %2tik %1,3ra murriztu ditu, Krimeako gatazkagatik. Brasilenak ere jaitsi ditu, %2,3tik %1,8ra. «Lehiakortasuna eta enpresen konfidantza galdu ditu».