Ospea lapurtu diote Sonyri

PlayStation Network sarearen milioika erabiltzaileren datu pertsonalak lapurtu dizkiotela onartu du SonykSegurtasun hutsak kalte egingo dio Applerekin lehiatzeko asmoetan

Iker Aranburu.
2011ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Internetekin zerikusia duten produktuetan eta zerbitzuetan Applerekin lehiatzeko plan handinahietan kolpe handia jasan du Sonyk. Hacker batzuek Sonyren PlayStation Networken (PSN) eta Qriocityren 70 milioi erabiltzaileen datu pertsonalak eskuratu dituzte, eta agerian utzi dituzte enpresaren segurtasun hutsak.

Berehalako lehen ondorioa erabiltzaileen haserrea izan da. Sonyk sei egun behar izan ditu bere zerbitzuan «baimenik gabeko kanpoko esku hartzea» izan zela ohartarazteko. Erabiltzaile asko PSNren zerbitzua etenik zegoelako ohartu ziren zerbait gertatzen zela, Sonyk zerbitzua asteazkenean eten arren, astearte gauera arte ez baitzuen arrazoien berri eman.

Konpainiak onartu du erabiltzaileen informazio pertsonala ostu dutela hacker-ek, baina ez daki ziur lapurrek kreditu txartelen zenbakiak ere eskuratzerik izan duten. Hala ere, segurtasunagatik, dei egin die PSNren erabiltzaileei arretaz begira ditzatela beren kontu korronteak, diru mugimendu susmagarriak atzemate aldera. Segurtasunean aurkitutako zuloak estali arte PSNren zerbitzua etenik egongo da.

Beren burua Anonymouseko kidetzat jo duten internauta batzuek ukatu egin dute mugimendu horrek lapurretarekin zerikusia duela. Hilaren hasieran, talde horrek Sonyren webguneak trabatu zituen, hacker ospetsu bati jazartzen ari zelakoan.

Multimediako plataforma

PlayStation 3 bideokontsolaren bidez Internet bidez lotutako jokalari askok elkarrekin jokatzeko aukera ematen duen plataforma da PSN, eta 70 milioi lagunek baino gehiagok erabiltzen dute. Gehienek doako zerbitzua erabiltzen dute, baina gutxienez bi milioi lagunek premium bertsioa baliatzen dute merkatura iristear dauden jokoak probatzeko, urteko kuota baten truke.

Halaber, PlayStation 3k multimediako artxiboak deskargatzeko balio du Qriocity zerbitzuaren bidez. Azken hori PSNri lotuta dago, baina Sonyren beste produktuen bidez —Bravia telebista, Vaio konputagailuak, Blu-ray irakurgailuak edo PSP kontsola eramangarriak— ere erabiltzen dute milioika lagunek.

2006ko azaroan Japonian kaleratu zutenetik apiril hasierara arte PlayStation 3ren 50 milioi ale saltzea lortu du Sonyk. Playstation 1 eta 2 modelo zaharragoenbeste 250 milioi unitate ere saldu zituen. Bideo jokoena da, gaur egun, aisialdirako merkatu handiena, musikaren eta zinemaren aurretik.

Etorkizunerako apostua

Sonyren izen ona zein neurriraino zikindu den jakiteko hilabete batzuk beharko dira, baina aurrekariak ez dira onak. Horietako bat Japonian bertan du: Toyotaren fidagarritasun ospeak kolpe handia jasan zuen 2009an, azeleragailuari lotutako arazo batzuk bazituela onartzeko denbora asko behar izan zuelako.

Gainera, Interneti lotutako arazoak dira zehazki Sonyri gutxien komeni zaizkionak. Elektronikako beste konpainiek bezalaxe, etorkizuna Interneti lotuta ikusten du, eta hari begirako plangintza egiten ari da. Herenegun, esaterako, Sonyk iragarri zuen tablet moduko bi konputagailu txiki merkaturatuko dituela. Appleren iPaden arrakasta handiaren eskutik, tableten salmentak bizkor hazten ari dira, eta lau urte barru gaur egungoaren halako lau izango direla kalkulatu du Gartner azterketa etxeak.

294 milioi aparailuko balizko merkatu horretan Appleri itzal egiteko asmoa du Sonyk, baina ez zaizkio aurkariak falta. Samsungek eta HTCk aurrea hartu diote aparailu merkeagoetan, eta enpresetara bideratutako gailuetan Blackberryren egile RIMekin ezer gutxi dauka egiterik. Hortaz, Sonyren asmoa da PlayStationen eta bere tabletaren arteko konexioarekin aurre egitea Appleri. Steve Jobsen enpresaren arrakastetako bat izan da bere gailuak—iPhone, iPad, iPod...—bideoak, musika eta jokoak eskaintzen duten zerbitzuez hornitzen direla—iTunes, AppStore...—.

Aparailuak eta edukia elkar elikatzeko Sonyren arma PlayStation zen, eta, oraingoz, matxuratuta dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.