Bi ordu eta erdiko bilera baten ondoren, gauza batzuk argitu dira Fagor Etxetresnen inguruan. Bata, kooperatibak konkurtsora joko duela baieztatu da, ostiralean, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak jakinarazi duenez. Konkurtso horren helburua ez da izango Fagor salbatzea, enpresa likidatzea baizik. Hau da, ahal dena saltzea zorrak pagatu ahal izateko. Gerta liteke, beraz, lantegi bat edo beste irekita jarraitzea, baina jabe berriarekin izango da.
Fagorren atalak erosteko hautagaien artean dago Mondragon korporazioa bera. Agiri baten bidez, 1.200 laguni irtenbidea topatzeko helburua duela agindu du. "Enpleguaren aldeko lehentasunezko konpromisoa" azaldu du Mondragon taldeak Fagor Etxetresnak bizi duen egoeraren aurrean gaur arratsaldean Lakuan egondako bileran. Kontseilu Orokorreko lehendakari Txema Gisasolak eta Kudeaketa Sozialeko zuzendari Mikel Zabalak, Fagorren enplegurik gabe geratuko direnen egoera kudeatzeari "erabateko lehentasuna" ematen diotela esan diote Jaurlaritzari, diputazioei eta Debagoieneko zein Basauriko udalei.
"Gaur-gaurkoz, kontuan hartuta kooperatibetan jasotzen ari den erantzun positiboa, datozen hilabeteetarako irtenbide posibleen jokaleku bat bistaratzen ari da 1.000-1.200 pertsonaren kolektibo batentzat, birkokapenak eta aurretiko erretiroak barne", dio Mondragonek Lakuako bileraren ostean atera duen oharrak. Taldea "buru-belarri ari da lanean" Enplegu Bulego Korporatiboaren bitartez, "malgutasunez eta aukera guztiak baloratuz", bai behin-behinekoak bai behin betikoak bideratzeko.
Mahai gainean dituen aukerak ere aipatu ditu. "Gaur egungo jardueretan ahalik eta enplegurik gehien" mantendu nahi dute. Baina aldi berean "jarduera berriak sustatzea" ere ez dute baztertu, horretarako "baliabide eraginkorrak" jarriz. Enplegua sortzeko "jarduerak integratzeko aukerak" ere aztertuko ditu Mondragonek, eta kooperatibetan "ahalik eta birkokapen gehien" gauzatzeko lanean ari da. Gainera, "prestakuntzari buruzko proposamen berezi bat" antolatuko du, "kualifikaziorik txikiena duten bazkideen enplegagarritasuna handitzeko". Erretiroak ere hainbat langilerentzat irteera bat izango dela ere aurerratu dute; "aurretiko erretiroko prestazioen proposamen bat" egingo du, "Lagun-Aro, EPSV mutuarekin lankidetzan".
Edesaren egoera
Mondragonen planak ez ditu Edesako langileak estaliko, kooperatibistak izan arren, beste erregimen batean daudelako. Hori ikusita, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak iragarri du saiatuko dela Basauriko lantegia bere kabuz laguntzen. Hiru milioi euroren bermeak emango dizkio, hartara hartzekodunen lehiaketari ihes egiteko. Diru horrek balioko du hornitzaileei ordaintzeko, eta 250 enplegu salbatzeko. Oraingoz.
Basauriko alkateak, Andoni Busquetek (EAJ), ziurtatu du "berri ona" dela Aldundiaren urratsa. "Aurrerantzean ikusi beharko da zer egin behar den enpresa bideragarria egiteko, baina epe motzera saihestu behar zena saihestu da. Berri ona da langileentzat, bizilagunentzat eta herriarentzat".