Bost egunerako lanuztera deitu dute ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek Arabako ostalaritza sektorean. Lan ituna berritzeko negozazioetan ez dela aurrerapausorik eman salatu dute antolatzaileek, gaur goizean egindako agerraldian. Azken bilera enpresen ordezkariekin joan den urtarrilaren 8an izan zen. Orain, presio modura grebara deitu dute otsailaren 6tik 10era, Gasteizen saskibaloi Errege Kopa jokatuko den egunetan. Deialdia ofiziala gaur bertan aurkeztuko dute lan ordezkaritzan.
Hasiera batean lanuztea otsailaren 7an abiatzeko asmoa zuten, baina azkenean egun bat aurreratu dute. Otsailaren 6ko deialdia, bereziki, hoteletako langileentzat dago zuzenduta, egun horretan hasiko baitira Kopara datozen bisitariak iristen. Ondoren, lanuzeta sektore guztira hedatuko da. Herrialdean 5.000 langile ingururen lan baldintzak ezartzen ditu sektoreko itunak, 700 enpresa baino gehiagotan. Lanuztera deituta dauden langileekin batzarrak egingo dituzte otsailaren 5ean, protesta ekintzak jakinarazi eta prestatzeko.
"Patronalak ez du irtenbide bat lortzeko inolako interesik. Uztailaren 7ra itxaron nahi dute lan erreformaren baliabide guztiak aprobetxatzeko", salatu du Carmen Auñon UGTko ordezkariak sindikatu guztien izenean. Negoziatzeko "prest" daudela nabarmendu dute, baina ostalaritza enpresak ordezkatzen dituzten bi elkarteek urratsa egin behar dutela uste dute. "Ez diogu hiriaren irudi publikoari keltarik egin nahi. Badakigu egun garrantitsuak direla. Eseri, eta arrazoizko akordio bat lortu nahi dugu". Sindikatuen helburu nagusia itun berri bat lortzea da, eta itun horren iraunaldia amaitzen denean ere hor ezarritako baldintzei eustea. Ultraaktibitatea delakoa urtebetera mugatzen du iaz onartu zen lan erreformak.