Joan den otsailean 62 lan erregulazio espediente aurkeztu zirela azaldu du Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak: iazko otsailean baino %17 gutxiago, eta aurreko hilabetean baino %15 gehiago. Guztira, espedienteek 840 langileri eragin zioten: aldi baterako kontratu eteteak izan ziren 664rentzat, lanaldi murrizketak 153rentzat, eta kaleratze kolektiboak 23rentzat.
Otsaileko 62 dosierretatik 42 etete erakoak izan ziren, eta 664 langileri eragin zieten; iazko otsailean baino %3 gehiago dira. Jaurlaritzak jakinarazi du otsailean ez dela erregulazio espedienterik izapidetu lehen sektorean, eta beste sektoreetan izandako kopuruak aurreko hilekoen antzekoak izan direla: %16 eraikuntzan, %49 industrian eta %35 zerbitzuetan.
Gaur egun, 421 etendura eta murrizketa espediente daude indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 4.159 langile daude horien eraginpean. "Aurreko hileetan bezala, Arabako Lautadak, Bilbo Handiak eta Donostialdeak dute kokagune txarrena alderdi horretan", azaldu du Jaurlaritzako Enplegu sailak ohar bidez.