Panda Security ordenagailuentzako Bilboko antibirus enpresak 128 langile kaleratzeko enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztu du. Dosierrak Bilboko egoitzan dauden 120 langileri eragingo die, egun bertan dauden %35ei hain zuzen ere. Gainerako zortzi kaleratuak Madrilgo egoitzakoak izango lirateke. Azken urtean inoiz baino birus gehiago sortu baldin bada ere —urte amaierarako 2,5 milioi izatea espero da—, doako antibirusen eskaintzak ere gora egin du sarean, eta horren ondorioz aurkeztu du enpresak espedientea, besteak beste. Txaber Gartzia LABek enpresa batzordean duen ordezkariaren ustez, arrazoi horiek ez daukate funtsik: «2010. urtea irabaziekin amaitu zuen enpresak, eta duela hilabete batzuetatik enpresa hilda utzi dute, estrategiarik gabe».
Antibirus enpresak hartutako azken erabakiek, ordea, ez diete langileei bakarrik eragin. Izan ere, lan espedientea aurkeztearekin batera, Juan Santana enpresako kontseilari ordezkaria kargutik kentzeko erabakiaren berri ere eman du Pandak. Haren kargua Jose Sanchok hartuko du, orain arte enpresako administrazio kontseiluko kide izan denak. «Hori guztia estrategia landu bat dela irizten diogu», adierazi du Gartziak.
Kaleratzeak, urte hasieratik
Kaleratzeak ez dira berriak Pandan. Urtearen hasieran 62 langile kaleratu zituen. Enpresa batzordeak lana erregulatzeko ezkutuko espedientea egon zela jakinarazi zuen, eta kaleratu zituztenetatik zazpik auzia epaitegietara eraman zuten. Epaileak arrazoia eman, eta langileak berriz hartu behar izan zituen enpresak. Aurkeztu berri den espedientearekin, langile horiek berriro kaleratuko lituzke Pandak.
Mundu osoan zehar mila langile inguru ditu antibirus enpresak, 61 ordezkaritzatan banatuta. 128 kaleratzeek ingeniariei eragingo die, eta sail osoei eragingo diela uste dute langileek.
Pandak 128 langile kaleratzeko erregulazio dosierra aurkeztu du
Bilboko enpresak dio doako antibirusen gorakadagatik aurkeztu duela, baina langileentzat aitzakia da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu