Papandreuk greziarren esku utziko du bigarren erreskatea onartzea

Lehen ministroak herri galdeketa antolatuko du, eta kolokan jarri du euroguneko agintarien akordioa

jakes goikoetxea
2011ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Giorgos Papandreu Greziako lehen ministroak ezusteko erabakia hartu du: greziarrei hitza ematea herrialdearen bigarren erreskate planari buruz. Euroguneko agintariek eta bankuen ordezkariek aurreko astean hitzartu zuten bigarren erreskatearen muina, bankuek Greziari zorraren erdia barkatzea.

Papandreurena ezusteko erabakia da, krisia indarrean dagoenetik herritarrei ez dielako iritzirik eskatu indarrean jarri dituen murrizketa eta zerga igoera gogorrei buruz. Eta ezusteko erabakia da, Euroguneko agintarien esanetan, aurreko astean zorraren krisitik ateratzeko eta Greziaren arazoek herrialde gehiago ez kutsatzeko urrats sendoa egin zutelako. Zorra barkatu bai, baina murrizketa gehiagoren truke.

Greziako lehen ministroak ez du zehaztu herri galdeketa noiz egingo duten. Esan du, ordea, herri galdeketaren emaitza onartuko duela. Ikusteko dago erabakiak zer-nolako erreakzioak eragingo dituen euroguneko agintariengan eta, batez ere, herritarrek hitzartutakoaren kontra eginez gero ze irtenbide geratuko zaien Greziari eta euroguneari.

«Fedea dugu herritarrengan, haien iritzietan eta haien erabakietan», esan zuen Papandreuk atzo. Lehen ministroak badaki herritar gehienak hartutako neurrien kontra daudela, baina orain arte ez die iritzirik eskatu. Aurten bost greba egun egin dituzte Grezian. Igandean argitaratutako inkesta baten arabera, greziarren %60 akordioaren kontra daude.

Herri galdeketaz gain, Papandreuk konfiantza mozioa aurkeztuko du Parlamentuan. 300 diputatuetatik 151ren babesa jaso beharko du. Bere alderdiak, Pasok sozialistak, 153 ditu.

Antonis Samaras oposizioko buruak baztertu egin du herri galdeketaren proposamena. Hauteskundeak nahi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.