Georgios Papandreu lehen ministroak uste zuen Greziako egoera politikoa baretuko zuela herri galdeketa bertan behera uzteak eta oposizioarekin koaliziokogobernu bat osatzeko negoziazioak hastea hitzartzeak. Baina ez da hala izan, astelehenean erreferendumarekin batera iragarritako konfiantza mozioak bere bidea jarraitu baitu, atzo Parlamentuan bozkatu zuten arte.
Euskal Herrian 17:00ak zirenean hasi zuten lehen ministroari karguan jarraitzeko babesa eman ala ez erabakitzeko eztabaida saioa. Eta luze jo zuen, oso luze. Botazioa gauerdia jota egingo zela uste zuten; horrenbestez, lerro hauek idazteko orduan, artean ez zegoen emaitzarik. Dena dela, eztabaida hasterako nahiko garbi zegoen ezezkoa gailenduko zela, baldin eta Pasokeko alderdikideei eta oposizioko kideei trukean zerbait eskaintzen ez bazien.
Atenasko Parlamentuan dauden 300 eserlekuetatik 152 ditu Pasokek —153. parlamentariak astelehenean dimisioa eman zuen—, eta konfiantza mozioa aurrera ateratzeko 151 aldeko boto behar zituen Papandreuk. Astean zehar, ordea, alderdikide batek baino gehiagok ukatu dio laguntza.
Mozioa aurrera ez ateratzeakesan nahiko luke lehen ministro karguan jarraitzeko behar adina babes ez duela. Ondorioz, kargua Karolos Papulios presidentearen esku utzi beharko luke eta, normalena, hark hauteskundeetarako deia egitea litzateke. Greziako ekonomia nola dagoen ikusita, ordea, oso arriskutsua da gobernu berria osatu artean herrialdea nora ezean lagatzea, nahiz eta egun Atenasko gobernuak baino botere handiagoa duten Bruselak eta Nazioarteko Diru Funtsak.
Grezia zalantza egoera horretan eror ez dadin, litekeena da konfiantza mozioa aurrera ateratzen laguntzearen truke oposizioari dimisioa emango duela agindu izana, horixe baita oposizioaren nahia. Reuters berri agentziak zabaldutako informazioaren arabera, Papandreuk koalizioko gobernua adostu arteko epea eman dio bere buruari. Gobernu hori lotuta utzi ostean, dimisioa emango luke Greziako lehen ministroak.
Zorraren krisia. G20koen bilera Cannesen
Papandreuren azken arnasak Greziako lehen ministro karguan
Konfiantza mozioa aurrera aterata ere, koalizioko gobernua adostu arte besterik ez luke jarraituko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu