Paperezko mitoak

Paperaren industriak pairatzen dituen «eraso bidegabeak» salatzeko eta topikoak gezurtatzeko asmoz, agerraldia eskaini zuen atzo Eusko Legebiltzarrean sektoreko klusterreko ordezkaritza batek.

Ivan Santamaria.
2008ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Ez da ohikoa enpresa elkarte batek bere kabuz Eusko Legebiltzarrean agerraldia eskatzea, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoako paper industriaren pazientziak goia jo du. Beste konpainia batzuetatik eta administrazio publikoetatik paperaren erabilera mugatzeko erabiltzen ari diren kanpainekin haserre daude EAEko Paperaren Klusterrean. «Eraso bidegabeak pairatzen ari gara, askotan sektorearenganako ezjakintasunean oinarritzen direnak», azaldu zien klusterreko lehendakari Rafael Sarrionandiaklegebiltzarkideei.

Irudi batekin tematurik dago Sarrionandia: faktura digitala iragartzeko telekomunikazio talde batek zuhaitz bat besarkatzen ari zen ume bat erabili zuen. Ez da paperaren produkzioa eta basoen suntsiketa lotu den lehenbiziko aldia, gainera. «Faltsua da erabat papera ekoizteak basoak soiltzen dituela», ziurtatu zuen klusterreko buruak, eta datu bat eman zuen: ekoizten den paper tona bakoitzeko sei zuhaitz berri landatzen dira.

Sektorean nolako egurra erabiltzen den ere azaldu zuten, adibide modura. Ez dira zur nobleak edota oihanetakoak erabiltzen. Propio landatutako eukaliptoak eta zerrategietan pinuetatik sobratzen diren parteak soilik erabiltzen dituzte.

Haatik, enpresa eta finantza erakunde batzuentzat lotura hori soilik «ekomarketin ustez ikusgarria egiteko aitzakia» izan dela uste dute klusterrean, oinarrizkoena ezkutatzeko. Hots, ustiapen gastuak arintzea eta irabaziak gizentzea neurrien helburua dela.

Erabilera hori eragozteko, paper industriari egotzi izan zaizkion «topiko eta mitoak» gainditu behar direla uste dute, ideia horiek gizarte gehiengoaren oroimenean iltzaturik daudela jakin arren. «Zoritxarrez, jendeak gure sektorean pentsatzen duenean industria astun, usain txarreko, kez betea eta kutsakor baten irudiak datozkio burura».

Gaur egun, industria horretan 1.600 enpresa eta 12.000 langile inguru daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Paper-orearen sektoreak, hain zuzen ere, 2.000 lanpostu zuzen ditu, eta 820 milioi euroko fakturazioa izan du.

Ingurumenari errespetua

Ingurumenari kaltea arintzeko «ahalegin itzela» egin dutela ziurtatu zuen Sarrionandiak. Europak araudi zorrotza ezartzen du, eta ezin da hori gainditu. Haatik, baldintzak errespetatzen ez dituen atzerriko papera saltzeko arazorik ez dagoela salatu zuen Sarrionandiak. «Duela urte batzuk Asian eginiko orriak ikusi nituen hemengo administrazio batean, hemen, ondoan, halako produktua egiten ari garenean».

Birziklatzeari dagokionez, mugak dituela ohartarazi du Kluster Taldeak. Hala, bildutako paperetik soilik produkzio osoa ezin da ekoitzi. «Zelulosa ehunak gehienez sei bat aldiz birzikla daitezke».

«Produktu naturala, berriztagarria, birziklagarria eta biodegradagarria da», laburbildu zuen klusterreko presidenteak paperaren defentsa sutsua.





############



Araban aeronautika «arriskuan» dagoela ohartarazi dute Aernnovako langileek

Eusko Legebiltzarrean dauden talde politikoen babesa bilatu dute Aernnova taldeko langileek, agerraldi baten bidez, enpresak Airbus A-350 hegazkinerako eraiki behar dituen atalak Araban egin daitezen. Jesus Antolinek, Arabako lantokietako Langile Batzordeen izenean, etorkizun iluna irudikatu zuen aeronautikarako, lan karga gehiago iristen ez bada. «Estrategikoa den sektore oso bat arriskuan dago», ziurtatu zuen. Izan ere, gaur egun herrialdeko lantegietan egiten diren bi proiektu nagusiak, Embraer hegazkinentzako hegalak, agortzen ari dira.

Aernnovak 3.350 milioi euroko kontratua hitzartu du Airbusekin. Horri aurre egiteko, besteak beste, 2.000 lagunentzako beste lantoki bat ireki beharko du. Ez du artean erabaki non jarri, eta Arabako langileek Euskal Herrira ekartzea eskatu diote Legebiltzarrari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.