Krisiaren ondorioz, administrazioek zergen bidez bildutako diruak behera egin du nabarmen. Zergei buruzko eztabaida puri-purian dago. Administrazioek aldaketak iragarri dituzte, gehienetan herritar arruntei eragiten dieten aldaketak. Egoera horretan, ELAk Hego Euskal Herriko administrazioei leporatu die EAEko kontzertu ekonomikoa eta Nafarroako hitzarmen ekonomikoa erabili dituztela «aberatsentzako paradisu fiskalak» sortzeko.
ELAk salatu duena da azken urteetan, krisiaren aurreko garai oparoetan, errenta altuei eta enpresei zergak murriztu zaizkiela. «Lan errentei lapurtu egin diete», esan zuen Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, atzo, Bilbon. «Oparoaldian soberakinekin zuritu dituzte errenta altuenei eta enpresei egin dizkieten zerga murrizketak. Kutxa publikoak kapitalgabetu dituzte aldaketekin».
Sindikatuarentzat «inoiz baino premiazkoagoa» da zergen gaineko eztabaidari heltzea, batez ere presio fiskalari eta zergen tasei dagokienez. ELAk proposamena egin du zerga bilketa handitzeko: zerga batzuk igotzea. Funtsean, errenta handienak eta kapitalaren errentenak, hau da, azken urteetan administrazioek egin dituzten aldaketen kontrako bidea.
ELAk egindako azterketaren arabera, Hego Euskal Herriko presio fiskala -zerga bilketak eta gizarte kotizazioek lurraldeko aberastasunean duten pisua- Europako Batasuneko apalenetakoa zen 2007an: BPG barne produktu gordinaren %33,4koa. Urrun dago Europan ongizatearen eredutzat hartzen diren Danimarkatik (%48,7) eta Suediatik (%48,3). Frantziak eta Espainiak presio fiskal handiago zuten, %43,3koa eta %37,1ekoa, hurrenez hurren. Greziak eta Irlandak bakarrik zuten presio fiskal txikiagoa.
5.360 milioi euro gutxiago
Administrazioak dirua ateratzeko burua berotzen edota zorpetzeko planak egiten ari dira egunotan. Bada, ELAren kalkuluen arabera, 2007an Hego Euskal Herriak Europako Batasuneko batez besteko presio fiskala izango balu (%39,8koa), 5.360 milioi euro gehiago bilduko lituzke. Alegia, 5.360 milioi euro gutxiago bildu zituzten 2007an: 4.020 milioi euro gutxiago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 1.340 milioi euro gutxiago Nafarroan.
Hego Euskal Herriko zeharkako zergen presio fiskala EBko txikiena zen: BPGaren %10,5. Zeharkako zerga nagusia balio erantsiaren gaineko zerga da (BEZ), eta Hego Euskal Herrian aplikatzen den BEZa EBko apalenetakoa da. Hala ere, aintzat hartu behar da Espainiako Gobernuak zehazten duela aplikatu beharreko BEZaren tasa.
Zerga zuzenek BPGan zuten pisua ere EBko apalenetakoa zen. 2007an Portugalek eta Greziak bakarrik zituzten presio fiskal txikiagoak. PFEZ Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga da zerga zuzen garrantzitsuena. PFEZaren presio fiskalean 3,1 puntukoa zen Hego Euskal Herriaren eta EBko batez bestekoaren arteko aldea, «jauzi handia» ELAren esanetan. Haren kalkuluen arabera, 2007an Hego Euskal Herrian PFEZaren bitartez EBn baino 938,9 euro gutxiago bildu ziren biztanleko. «Eta diferentzia horren zati baten arrazoia iruzur fiskala da», ELAren esanetan.
Sozietateen gaineko zergan, enpresei aplikatzen zaien zergan, EBko batez bestekoa (%3) eta Hego Euskal Herrikoa (%3,1) antzekoak ziren. Hala ere, ELAk nabarmendu du presio fiskal handiagoa dutela EB hasieratik osatu duten herrialde gehienek.
ELAk bere proposamenean sozietateen gaineko zerga berriro ezartzeko eskatu die bertan behera utzi zuten administrazioei. Eta sozietateen gaineko zergaren tasa igo dezatela.
PFEZaren gehienezko tasa ere, errenta handienei aplikatzen zaiena, igotzeko eskatu die. Tasa hori 1998tik 2008ra %56tik %45era murriztu zen EAEn, eta %53tik %42ra Nafarroan. Jaitsiera «handienetakoak» EBn. PFEZaren barruan tratamendu bera eskatu du errenta guztientzat, «kapital errentei enpresarien eta profesionalen errentei ematen zaien aldeko tratua bukatuz».
Horrez guztiaz gain, ELAk ahalegin handiagoa eskatu du iruzurrari aurre egiteko eta ingeniaritza fiskala galarazteko.
@ELAren txostena irakurri nahi izanez gero:
www.ela-sindikatua.org/zergak /zergak%20europan.pdf
Paradisu fiskalak sortzea leporatu die ELAk administrazioei
Zerga bilketa handitzeko errenta altuenei eta kapital errentei zergak igotzeko eskatu die sindikatuak agintariei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu