Parazetamolaren plazebo efektua

Espainiaren arrisku saria nabarmen apaldu du Europako erreskate tresnek Espainiaren eta Italiaren zorra erosteko aukerakEuropako Batzordeak esan du ez dutela zorra erosiko, «finantza parazetamola» baita

Parazetamolaren plazebo efektua.
jakes goikoetxea
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Oraindik inork ez du baieztatu euroguneko erreskate tresnek Espainiaren eta Italiaren zorra erosiko dutenik. Europako Batzordeak aukera horri «finantza parazetamola» deitu dio. Finantza merkatuek benetan «finantza parazetamola» hartu dutela pentsatu dute, eta mina arindu zaie, plazebo efektuari esker. Espainiaren eta Italiaren arrisku sariak eta zor bonuen interesak nabarmen jaitsi dira.

Zer erabaki dute G20koek?

Neurri zehatzik ez. Amaierako adierazpenak dio euroguneko herrialdeek «beharrezko neurri guztiak» hartuko dituztela «eurogunearen osotasuna eta egonkortasuna bermatzeko», finantza merkatuen funtzionamendua hobetzeko eta «herrialdeen zorraren eta bankuen zorraren arteko korapiloa askatzeko».

Beste kontu bat da neurri horiek hartzea. Krisiari aurre egiteko goi bileretan ohikoa da bertan gozo geratzea. Euroguneko eta Europako Batasuneko herrialdeen goi bileretako adierazpen guztietan esaten dute beharrezko neurri guztiak hartuko dituztela, baina irtenbideak atzeratzen jarraitzen dute.

G20koen adierazpenean txalotu egin dituzte Europak hartutako erabakiak, bankuen batasuna lortzeko lehen urratsak batez ere: ikuskatzaile bakarra, finantza erakundeak likidatzeko eta birkapitalizatzeko aukera eta gordailuak bermatzeko funts bakarra. Adierazpenean idatzita ageri ez bada ere, Europako Batasunetik kanpoko herrialdeek kargu hartu diete eurogunekoei, Alemaniari batez ere, behingoz arazoak konpontzen hasteko.

Zergatik jaitsi da hainbeste Espainiaren arrisku saria?

Euroguneko erreskate funtsek Espainiaren eta Italiaren zorra eros dezaketelako, bai EFSF behin-behineko funtsak, bai ESM funts iraunkorrak. Espainiaren arrisku sariak oinarrizko 513 puntuan amaitu zuen atzo, herenegun baino 38 puntu gutxiago, iazko abenduaren 5etik egun bakarrean izandako jaitsiera handiena. Espainiaren hamar urterako zor bonuen interesa, berriz, %7tik jaitsi zen, %6,75era.

Erreskate funtsekin zorra erosiko al dute?

Erresuma Batuko The Guardian eta The Daily Telegraph egunkariek argitaratu dute EFSF eta ESM erreskate funtsak erabiliko dituztela Espainiaren eta Italiaren zorra erosteko zorraren bigarren mailako merkatuetan. 750.000 milioi euro balia ditzaketela diote.

Zer esan du Europako Batzordeak?

Europako Batzordeak ukatu egin du. G20koen Mexikoko goi bileran ez dutela halakorik negoziatu esan zuen atzo Amadeu Altafajek, Europako Batzordeko Ekonomia Gaietarako bozeramaileak.

Dena den, Altafajek onartu zuen herrialdeen zorra erosita merkatuetako tentsioak «lasaitu» daitezkeela. Baina «finantza parazetamola» litzatekeela gehitu zuen: «Tentsioa eta mina arinduko lituzke, baina ez lituzke konponduko Espainiako eta Italiako ekonomien oinarrian dauden egiturazko arazoak». Zorra erosita ere, badaezpada, Altafajek Espainiari eta Italiari gogorarazi zien aurrekontuak argaltzen eta ekonomian erreformak egiten jarraitu behar dutela.

Zer ondorio izango lituzke funtsek zorra erosteak?

Europako Banku Zentralak egin duenean, berehala jaitsi dira arazoak dituzten herrialdeen arrisku sariak eta zor bonuen interesak. Espekulatzaileen erasoak uxatu izan ditu. Ondorioz, herrialde horientzat merkeagoa da zor merkatuetara jotzea eta han dirua lortzea. EBZk lau hilabete daramatza herrialdeen zorra erosi gabe.

Zer egin behar da funtsek zorra erosteko?

Berez, erreskate funtsek herrialdeen zorra eros dezakete, bai zorraren bigarren mailako merkatuetan, bai herrialdeek zorra jaulkitzen dutenean, baina orain arte ez dute egin. Aintzat hartu behar da herrialdeek jartzen dituztela erreskate tresnen baliabideak, bermeak EFSFren kasuan, dirua ESMrenean. Alemania da diru gehien jarri behar duena, eta orain arte zorra erostearen kontra egon da.

Interesatutako herrialdeak eskatu behar dio eurotaldeko presidenteari erreskate funts batek bere zorra erostea nahi duela. Eskaerak EBZren eta euroguneko herrialdeen babesa behar du. Babes politikoa.

Zeren truke erosten dute zorra funtsek?

Agindutako neurriak hartzearen truke. Erreskatea jaso duten herrialdeek bete behar dituzten baldintzen parekoak. Ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, funtsak zorra erosteari utz diezaioke. Beltzezko gizonek kontrolatuko lukete guztia: Europako Batzordeak eta EBZk.

Espainiak erreskatea eskatuko al du gaur?

Espainiako Gobernua horretara bultzatzen ari dira, eta hainbat faktorek bat egingo dute gaur. Alde batetik, gaur amaituko da Espainiako Gobernuak Roland Berger eta Oliver Wyman aholkularitza enpresei emandako epea, Espainiako finantza erakundeen kapital premiak zehazteko.

Bestetik, G20koen bileran, Mexikon, erreskatearen kopurua eta zenbait baldintza lehenbailehen zehaztu ditzala eskatu diote Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteari. Ez edonork: Barack Obama AEBetako presidenteak, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta François Hollande Frantziako presidenteak.

Horrez gain, euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek bilera egingo dute gaur. Espainiakoak, Luis de Guindosek, azalpenak emango dizkie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.