Parlamentutik egotzi dute Bilduko Victor Rubio, protesta egiteagatik

Oinarrizko Errentaren Lege proiektuari oposizioak jarritako zuzenketak atzera bota dituzte UPNk eta PSNk

Murrizketen aurka Nafarroako Legebiltzarraren aurrean egindako protesta. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Behin 2012ko aurrekontuak eta neurri fiskalak onartuta, atzo eguerdian Nafarroako Parlamentuan Oinarrizko Errentaren Lege proiektua izan zuten aztergai. Gobernuko bi alderdiek, UPNk eta PSNk, oinarrizko errenta jasotzeko baldintzak gogortu egin dituzte erreforman, eta NaBaik, Bilduk, PPk eta Ezkerrak jarritako lau osoko zuzenketei buruz eztabaidatu zuten atzo. Elena Torres Gizarte Politikako kontseilaria lege proposamenari buruz hitz egiten ari zenean, gonbidatuen harmailetan ziren Oinarrizko Errentaren Aldeko Plataformako kideek eten egin zuten bilkura. Bildu, NaBai eta Ezkerrako parlamentariek bat egin zuten protestarekin.

Hori dela eta, Alberto Catalan Parlamentuko presidenteak «errespetua» eskatu zuen, eta, ondoren, Victor Rubio Bilduko legebiltzarkidea eta plataformako kideak bota zituen ganberatik. Orduan, bilkura eten egin zen minutu batzuz. Bilduko Maiorga Ramirezek Catalani eskatu zion bere erabaki «antidemokratikoa eta arbitrarioa» berriz aztertzeko. Catalanek bereari eutsi zion, eta Bilduko beste sei parlamentariak, Rubiori elkartasuna adieraziz, atera egin ziren egoitzatik. NaBaik ere protesta egin zuen Catalanen erabakiagatik.

Gobernuaren egitasmoak oinarrizko errenta jasotzeko bi laguntza mota ezartzen ditu: bata, bazterketa egoeran egon daitezkeen familientzat eta bestea lanik gabe geratu direnentzat. Errenta jasotzeko baldintzak ere gogortu egin dituzte, besteak beste, Nafarroan bi urtez erroldatuta egotea exijituta. Xabier Lasa NaBaiko parlamentariak planteamendu hori «makurra» dela deritzo. Bilduk, berriz, «atzerakoitzat» jo du lege proposamena. Iruzur kasu bakanak horrelako aldaketa egiteko baliatzea egotzi die, berriz, Ezkerrak UPNri eta PSNri. Kritikak kritika, osoko zuzenketak atzera bota zituzten bi alderdi horiek, eta, hartara, lege proposamen horrek tramitazioan aurrera egingo du Parlamentuan.

Lanbiderentzat, «hutsik ez»

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan errenta jasotzeko kudeaketek sortu dute gatazka. Herenegun esandakoa berretsi du Lanbidek: eskumen aldaketa «normal-normal» ari dela gauzatzen eta diru sarrerak bermatzeko errentaren ordainketa ziurtatuta dagoela. Hainbat alderdi politikok eta sindikatuk Lanbideko egoera «kaotikoa» dela salatuta, agerraldia egin zuten atzo Javier Ruiz Enplegu sailburuordeak, Javier Ramos Lanbideko zuzendariak eta Pedro Sanchez erakundekodiru sarreren bermerako eta formaziorako arduradunak.

Orain artean udaletxera joan behar izaten zen errentaren kudeaketarako; diputazioek onartzen zituzten eskaerak, eta hileroko ordainketak ere haiek egiten zituzten, Jaurlaritzatik jasotako funtsekin. Abenduaren 13an, ordea, zeregin hori guztia Lanbideren esku geratu zen, eta hainbat bulegotan jende asko pilatu da. Asteartean, kasu, Gasteizko Txagorritxu auzokoa itxi egin behar izan zuten hogei minutuan, jende gehiegi zegoelako. Ruizen esanetan, Gasteizko Udalarena izan zen errua. «Udalei esan genien itxi zitzatela irekitako espedienteak jendea Lanbidera bidali aurretik».

Gainerakoan, eskumen aldaketari buruzko balorazioa «erabat ona» dela zehaztu du Ramosek. «Ez da inongo hutsegiterik izan». Abenduko errenta diputazioek ordainduko dutela dio, eta urtarriletik hasiko dela Lanbide horretan. Eskaerei aurre egiteko lantaldea sendotu dutela kontatu du eta gaur egun 270 orientatzaile eta 300 administrari dituela.

Lanbideren gaineko kexak, ordea, ez dira amaitu. Herenegun Gipuzkoako Diputazioak, EAJk, EAk eta Ezker Batuak kritikatu zuten erakundearen lana; «kaotikoa» dela esan zuten. Diputazioaren arabera, Lanbidek abenduko ordainketak egiteko eskatu die. Lanbideren arabera, aurrez ere hala zegoen hitzartuta. Atzo, ESKren Argilan plataformak jakinarazi zuen Bizkaiko hainbat familia errenta kobratu gabe geratu direla.

Prestazioa berritzea tokatzen zaienen kasua dela azaldu du. Argilanen arabera, abenduaren 13tik hasi eta Lanbidek sistema martxan jarri artean, inor ez da arduratuko berritzeaz. Atzo kobratu behar zuten errenta onuradunek, baina hainbatek ez dutela dirurik jaso dio. «Hilabete askoan salatu dugu gizarte bazterketaren aurkako Bizkaiko zerbitzuaren funtzionamendua. Orain, eskumen aldaketa erabat aldrebes ari dira egiten». Dirua lehenbailehen pagatzeko eskatu du.

Argilanek gogoratu du Diputazioaren eta Jaurlaritzaren «hutsegite handien» eraginez aurrez ere geratu izan direla errenta kobratu gabe. Iazko Gabonetan, esaterako, sei mila familiari kendu zieten laguntza; gero itzuli zieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.