Pasaiako arrantzale bat hil da Landetan, itsasontzia uretan iraulita

Gainerako lau arrantzaleak onik atera dituzte, baina shock egoeran daude eta hipotermia dute

Nora Arbelbide - Mikel Carramiñana
2010eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Ezbeharra atzo ordu bata aldera gertatu zen: L'Epaulard arrasteontzia irauli egin zen Landetako uretan, Biscarrossetik hamabost kilometro ingurura, eta arrantzale bat hil zen. Arrantzaleak 54 urte zituen, eta Pasaiakoa zen (Gipuzkoa). Marinela helikopteroan eraman zuten Bordeleko Robert Piquet ospitale militarrera, baina ezin izan zuten suspertu. Arrasteontziak Baionako matrikula zuen, baina Donibane Lohizunekoa zuen portua.

Itsasoko Prefeturak baieztatu duenez, langileak arrantzan ari zirela, sarea altxatzen ari zirela urperatu zen ontzia. Sareak duke ontzia uzkailarazi, baina Arcachongo polizia etxea inkesta egiten hasi da, istripua zehazki nola gertatu zen jakiteko. Istripua gertatu zenean itsasoa harrotua zen (4ko indarrarekin) eta hiru metroko olatuak zeuden.

Minutu gutxian gertatu zen hondoratzea, Itsasoko Prefeturaren arabera. Larrialdi zerbitzuetako langileek 12:51ean jaso zuten ezbeharraren abisua, ontzia jadanik hondatzen ari zela.

Helikopteroen laguntza

Abisua ukan bezain laster, L'Albatros Baionan matrikulatu ontzia hurbildu zen L'Epaulard ontzia zegoen lekura. Larrialdietarako txalupan babestu ziren bi arrantzale ontziratzea lortu zuen.

Jendarmeriako helikoptero bat eta armadako beste bat ere aireratu ziren. Azken horrek mediku bat eraman zuen. Jendarmeriakoak uretan ziren hiru arrantzaleak jaso zituen. Horietako bat hildakoa, pasaitarra.

Bizirik atera ziren lau arrantzaleak Bordeleko Robert Piquet erietxe militarrera eraman zituzten, shock egoeran eta hipotermiarekin, baina zauririk gabe. L'Epaulard 40 metrora hondoratu zen.





############



Hildako marinelak

2009

Martxoa. Ondarroako (Bizkaia) Lasti arrasteontziko makinista hil zen Bizkaiko Golkoan, Frantziako uretan, uretara erorita. Makinistak 56 urte zituen, eta Mutrikukoa zen (Gipuzkoa).

2008

Ekaina. Inpescaren Txuri Urdin ontziko arrantzale bat zendu zen Ozeano Atlantikoan;txirrika batek buruan kolpea eman zion.

Uztaila. Pasaian (Gipuzkoa), 42 urte zituen arrantzale bat hil zen, Natalie Chantalle II-n ontziratu behar zenean itsasora erorita.

2007

Otsaila. Lanfon enpresako langile bat hil zen uretara erorita, Arroxela eta Bordele artean (Frantzia) arrantzan ari zela.

Otsaila. L'Spoir ontziko marinel bat hil zen Pasaiako portuan, ontzira zihoala uretara erori eta itota. Hildakoak 44 urte zituen, eta sortzez Portugalgoa zen.

2004

Otsaila. Santoñako (Kantabria, Espainia) Nuevo Pilin ontzia Luzero lurmuturraren (Getxo, Bizkaia) inguruan hondoratu, eta hiru arrantzale hil eta beste bi galdu ziren.

1998

Abendua. Pasaiako Marero ontziko zortzi marinel hil ziren Arcachon inguruan (Frantzia), bat-bateko olatu erraldoiek hondoratuta. Biren gorpuak bakarrik jaso zituzten.





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.