Patxi Lopez lehendakariak gaur Barakaldon (Bizkaia) esan duenez, Confebaskek atzo egin zuen proposamena ez du batere gustoko. Enpresariak laguntzeko prest agertu da Lopez, baina ez guztiak, eta kasu zehatz batzuetan egingo lukeela gaineratu du.
Lehendakariak esan du soilik enplegua sortzen dutenak eta berrikuntzan inbertitzen dutenak laguntzeko prest dagoela. Edozein kasutan enpresariei zergak arintzearen eta langileei zergak igotzearen aurka dagoela esan du.
Jose Antonio Pastor: "Confebaskek hanka sartu du"
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak ere esan du Confebaskek atzo hanka sartu zuela fiskalitatea aldatzeko aurkeztu zuen proposamenarekin. Proposamena ez dela batere egokia gaineratu du, Radio Euskadin egindako adierazpenetan. "Hain zuzen, langileak dira, batez ere langabeak, krisiaren ondorio guztiak pairatzen ari direnak", adierazi du PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak.
Pastorren iritziz, krisi garaian proposamen hori egitea "pentsatzea ere" ez da morala. Azken finean, laburbildu du, "enpresariek gutxiago ordaintzea eta langileek gehiago ordaintzea da" proposatu dutena.
Confebaskek atzo proposatu zuen enpresarien ekarpena murriztea. Modu horretan lan gehiago egongo litzakeela ondorioztatu dute, eta horrela langileen ekarpena handituko litzatekeela, "kontsumotik eta lanetik". "Erabat kontra" agertu da Pastor gaur, eta proposamenak harridura sortu diola aitortu du.
Bildu: "Patronala AEBetako Tea Partyren oinarriak bere egin ditu"
Bildu ere gogor mintzatu da Confebasken proposamenaren aurka. Horrelako neurriak "baliogabeak" direla frogatu dela esan du, eta patronalak eskaintzeko hori besterik ez izatea salatu du. Neurri horiek ongizate gizartea suntsituko lukeela esan du. Bilduren hitzetan arduragabe jokatu du Confebaskek.
Bildu salatu du EAJk, PSOEk eta PPk "urteak" daramatzatela patronalaren neurriak ezartzen, eta opor fiskalak eta sozietate zergaren desagertzea jarri ditu adibide. Patronalak AEBetako Tea Partyren oinarriak bere egin dituela salatu du".