Pentsioen erreforma onartzea saihestu, eta hala izango ez balitz, Eusko Jaurlaritzari bere ondorioei aurre egin diezaiola eskatu. Helburu horrekin, larunbat honetan Iruñe, Donostia, Gasteiz eta Bilboko kaleak betetzeko deia egin dio euskal gizarteari Gune plataformak —sindikatu eta gizarte erakundeek osatzen dute—. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak argi esan du zergatik: “Iruzur handi bat egiten ari dira, eta dena langileak eta pentsiodunak gero eta pobreago izan daitezen. Dirua gure poltsikotik finantza botereetara eramaten dute”. Horregatik, elite ekonomikoa ala gizartea aukeratu behar dutela ohartarazi die Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak. Izan ere, pentsio erreformarekin 32.000 milioi euro aurreztu gura ditu Espainiako Gobernuak, “eta hor dago arazoa, aurreztu terminoan”. “Diru hori kendu egingo zaigu, eta bankuei eman”, esan du. Horregatik, sistema publikoa bideraezina dela esaten dela dioten mezuei erantzuna eman die: “Bideraezina politika hori da”.
Halako erreforma bat aurrera atera ahal izateko, “ezjakintasun soziala” ezinbestekoa da, Muñozen arabera. “Denek ontzat ematen dute Madrilek egiten duena”. Eta hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diotena: gauza ezberdinak egitea. “Pentsio guztiek egingo dute behera, prekarietatea igoz. Alde horretatik, ezin dira beste aldera begira egon”, esan du Etxaidek. Eta nola aurre egin pentsioen erreformari? Aberastasuna banatuz. “Alternatiba badago, eta bidea zabaldu behar zaio”. Eta hori mobilizazioaren bidez lortzen delako, kalera ateratzeko deia berretsi dute eragile sindikal eta sozialek.