Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak gaur 2011rako onartutako aurrekontu orokor egitasmoaren arabera, pentsio minimoak %1 igoko ditu datorren urtean -hiru milioi laguni eragingo die-, eta beste pentsioak ez ditu batere igoko -sei milioi laguni eragingo die-. UGT eta CCOO sindikatuek, beste arrazoien artean, gobernuak pentsio oro ez igotzeagatik dute deitua hilaren 29rako greba orokorra.
Gobernuaren aurrekontu egitasmoko beste puntu batzuk: 2011n gastu publikoa %7,9 jaitsiko du, ministerioetakoa %16 murriztuko du, 120.000 eurotik gorako soldata duen langileak zergetan %1eko igoera izango du -tributazioa %44ra iritsiz-, 175.000 eurotik gorakoa duenak %2koa -tributazioa %45era helduz- eta aitatasun baimenak hamabost egunekoa izaten jarraituko du -ez da izango hilabetekoa-. Aipatutako zerga igoera horien bidez urtean 170-200 milioi euro gehiago jasotzeko aurreikuspena egin du gobernuak. Aitatasun epea ez zabaltzeagatik 200 milioi aurreztuko ditu.
PSOEk Espainiako Kongresuan ez dauka gehiengo osorik. 176 diputatu behar dira horretarako, eta 169 dauzka PSOEk. Ezusterik ezean, ordea, EAJk (sei diputatu) babesa emango dio, bien artean lotua baitute Eusko Jaurlaritzarako enplegu politika aktiboen eskumena. Ondorioz, gertu du gobernuak hurrengo urteko aurrekontuen onarpena.
ekoNOMIA
Pentsio minimoak hurrengo urtean %1 igoko ditu Espainiako Gobernuak, besteak batere ez
Ministroen Kontseiluak gaur onartu du aurrekontu orokorren egitasmoa. Gastu publikoa %7,9 jaitsi nahi du, ministerioetakoa %16, eta 120.000 eta 175.000 eurotik gorako soldata duten langileei zergak %1 eta %2 artean igota 200 bat milioi euro gehiago jasotzeko aurreikuspena egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu