Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabakitakoaren aurka, Espainiako Gobernuko Ekonomia Ministerioak adierazi du baimendu egingo duela pentsio planetan gordetako dirua hamar urtera berreskuratzea. Pentsio planei eta funtsei dagozkien hainbat neurri onartu ditu gobernuak, eta horietako bat aukera horri dagokio. BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabetera sartuko dira guztiak indarrean.
Duela hilabete ebatzi zuen Konstituzionalak legez kanpokoa zela Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeek (BGAE) hamar urtera dirua berreskuratzeko ematen zuten aukera. Erabaki horrekin, jarritako dirua erretiratu aurretik erreskatatzea eragotzi zuen auzitegiak. Jaurlaritzak Espainia "berriro zentralizatzeko" saioen barruan kokatu zuen epaileen erabakia.
Pentsio publikoak osatzeko asmoarekin sortu ziren gizarte aurreikuspenerako erakundeak. Legedi propioari esker, garapen handia izan dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Enpleguko BGAE handi batzuk sortu dira bitarte horretan, negoziazio kolektiboan lortutako akordioen bidez. Hala nola Geroa, Gipuzkoako metalgintzan, edo Itzarri, EAEko administrazio orokorrean.