Zorraren krisia. Defizita murrizteko neurriak

Pentsioa finkatzeko urte gehiago aintzat hartzea eskatu dute

Toledoko Itunean dauden alderdi gehienak ordaina kalkulatzeko erabiltzen diren irizpideak aldatzeko ados jarri diraMurrizketak ezartzen badira mobilizazio gehiago iragarri dituzte sindikatuek

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Pentsio sistemaren erreformak pauso bat gehiago eman du aurrera. Toledoko Itunean dauden alderdi gehienak ados jarri dira, eta pentsioaren ordaina kalkulatzeko orain erabiltzen diren irizpideak eta modua aldatzeko gomendatuko diote Espainiako Gobernuari. Alderdien iritzia ez da loteslea, baina gobernuak aintzat hartzea espero da, batez ere, akordio zabal baten ondorio bada. Beranduenez, datorren urtarrilaren 28an pentsio sistemaren erreforma onartuko dutela iragarrita zuen Zapateroren gobernuak.

Gomendioek tarte zabala utziko diote erreformari. Izan ere, Toledoko Itunak pentsio ordainaren oinarria kalkulatzeko tenorean urte gehiago aintzat hartzea eskatuko du, baina ez zenbat izan behar duten, eta lan bizitza osoa erabiltzea ere ez du baztertzen. Gaur egun, kotizatutako azken hamabost urteak hartzen dira kontuan. Kopuru hori 20 edo 25 urtera igotzeko aukerak aztertu ditu gobernuak.

Aldaketa batek berehalako ondorioak izango lituzke. Oro har, azken lan urteetan handiagoak izan ohi dira soldatak, eta urte gehiago kontuak hartzeak ordain txikiagoa geratzea eragin lezake. Erretiratu aurreko urteetan lanpostua galtzen duten langileei ez kaltetzeko konponbide modura arrazoitu izan du aldaketa hori Elena Salgado Ekonomia ministroak. Ikuspuntu horrekin bat egin dute PSOEk, PPk, CiUk eta EAJk.

Ordainaren oinarria kalkulatzeko sistema ez ezik, azkenean langileari geratuko zaion pentsioa kalkulatzeko irizpideak moldatzeko eskaeran ere ados jarri dira alderdiak. Gaur egun, hamabost urte kotizatuta, pentsio oinarriaren erdia jasotzeko eskubidea du erretiratzen den pertsonak. Ondoren, 16 eta 25 urteen artean kotizatutako urte bakoitzak %3 handitzen du ordaina, eta 25 eta 35 urteen artean, %2. Sistema horrek ez duela jendea 35 urtez kotizatzera bultzatzen argudiatu dute erreforma justifikatzeko, azken urteen ekarpena txikiagoa delako. Hori dela eta, azken hogei urteetan urte bakoitzak egiten duen ekarpena parekatzeko aukera mahai gainean jarri dute.

Erretiroaren adin ofizialaren inguruan gutxieneko akordioa ere lortu dute. Gobernuak bi urtez atzeratzeko proposamena babestu du — 65 urtetik 67 urtera —, baina itunak ez du adin zehatzik aipatuko. Erretiroaren legezko adina eta erreala hurbiltzeko beharra jasoko dute gomendioek, Carles Campuzano CiUko legebiltzarkideak batzordearen ondotik azaldu zuenez. Batzordeko legelariak puntu horren azken erredakzioa aurkeztuko die gaur alderdiei, euren oniritzia jasotzeko.

ERC, BNG eta IUk ez dute akordioa babestu, eta boto partikularra egingo diote testuari. Haien aburuz, gomendioen erredakzioa «anbiguoa» da, eta gobernuari ez dizkio muga zehatzak ezartzen, esaterako, kalkulatzeko erabiliko diren urteen inguruan. Erretiratzeko legezko adina 65 urte direla propio jasotzea ere eskatu dute.

Sindikatuak erne

Pentsio sistema erreformatzeko asmoak erne ditu sindikatuak. Erretiroaren adina igotzea edo ordaina kalkulatzeko urte gehiago erabiltzeko proposamena tinko errefusatu dute orain arte. Espainiako Gobernuak ezarri duen muga hurbiltzeak sindikatuen alarma guztiak piztu ditu. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen aurka Gasteizen antolatu zuen ekitaldian balizko murrizketen aurkako mobilizazio gehiago iragarri zituen euskal gehiengo sindikalak, pentsioena eta negoziazio kolektiboarena gogoan.

«Ez diegu erraztasunik emango», ohartarazi zuen oholtzatik Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, eta euskal sindikatuetatik alternatibak gizarteratzen eta kalean erantzuten jarraituko dutela aurreratu zuen. Kapitalari mesede egiteko estrategia baten barruan kokatu zituen Muñozek gizarte eta lan arloko erreformak. «Kapitalismo garbia da, gizarte nahiz lan eskubideen eta soldaten lapurreta antolatua». ELAko buruzagiaren ustez, gobernatzeko aukera duten alderdiek kapitalaren aldeko «kasta» osatzen dute, eta langileak «bakarrik» utzi dituzte.

Ogeta pilotalekuan 2.000 lagun bildu zituzten ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruk. Deialdian ez zuen ESK-k parte hartu. UGTk eta CCOOk joan den irailaren 29an bultzatu zuten greba egunean lanuztera deitu zuen ESK-k, eta erabaki horrek zaildu du gehiengo sindikaleko beste erakundeekin zuen harremana, erabat hautsi ez bada ere.

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua azken 30 urteetako atzerakoiena dela kritikatu du euskal gehiengo sindikalak. «Gezurra esaten dute, jakinaren gainean, kontu horiek langabezia jaitsi eta ekonomia bultzatuko dutela diotenean», Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren ustez. Gizarte babeserako falta den dirua iruzur fiskalaren erruz —BPGaren %20, haren arabera— galtzen dela salatu zuen Etxaidek. Beste datu bat ere plazaratu zuen: aberastasunaren %44 populazioaren %1,6k du. Jaurlaritzaren aurrekontuak aberastasun hori ez banatzeko bitartekoa dela kritikatu zuen.

Arabako hiriburuko kaleetatik manifestazioa egin zuten sindikatuetako kideak ekitaldiaren ondoren, Eusko Legebiltzarraren ondoan amaitzeko.

CCOO eta UGTren deialdiak

Europa osoan protesta egiteko jardunaldia antolatu zuten atzo sindikatuek. CCOOk eta UGTk bi deialdi egin zituzten, Bilbon eta Gasteizen. Bizkaiko hiriburuan BBVAren egoitzaren ondoan elkarretaratzea egin zuten, Merkatuen inposaketarik ez leloarekin

Unai Sordo CCOOko buruzagiak pentsioen erreforma izan zuen mintzagai. Sordoren ustez, Espainiako Gobernuak sistema publikoan murrizketa esanguratsuak ezarri nahi baditu, «erantzunik handiena eta mobilizazio indartsuak aurrez aurre» izango ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.