Pentsioa lan bizitza osoaren arabera kalkulatzea eskatu dute Espainian

Ehun Ekonomisten Taldeak uste du 40 urtez kotizatu beharko dela pentsioa osorik jaso ahal izateko

Erredakzioa
2010eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernua prestatzen ari den pentsio sistemaren erreforma motz geratzen dela eta «bidegabea» dela uste du Ehun Ekonomisten Taldeak. Ados daude erretiroaren adina 65 urtetik 67 urtera atzeratzearekin, baina Madrilen asmoa baino urrutiago joan dira beste bi gaitan: pentsioa osorik jaso ahal izateko 40 urtez kotizatu behar izatea eskatu dute, eta pentsio horren neurria kalkulatzean, langile baten lan bizitza osoko kotizazioak kontuan hartzeko eskatu dute.

Madrilek Toledoko Itunera bidali duen proposamenak ez dio ezer pentsioa osorik jasotzeko kotizatu beharreko urte kopuruaz. Gaur egun, 35 urtekoa da. Baina pentsioa kalkulatzeko kotizazio urteak lan bizitzako azken 15etik 20ra luzatzea proposatu du. Badirudi talde parlamentario gehienak ados daudela horretan.

Gobernuaren proposamena epe erdirako konponbidea baizik ez zaio iruditzen Javier Diaz-Jimenez IESE institutuko kideari, Gizarte Segurantzaren defizitaren agertzea 2020rako soilik atzeratzen duelako. Horregatik, Ehun Ekonomisten Taldeak -130 dira orain- «anbizio handiagoko erreforma» eskatu du, Suediako ereduan oinarritua. Lehen urrats gisa, erretiroa hartzeko gutxieneko adina 61 urtetik 63ra atzeratzeko galdegin du. Gero, «epeka eta erretiroa gertu dutenak kaltetu gabe», kotizatu beharreko urteak gehituko lirateke pentsioa kalkulatzean.

Ekonomisten taldeak dioenez, gaurko sistemak mesede egiten die lan bizitzaren azken urteotan gehien kotizatzeko aukera dutenei, eta kalte, berriz, lan bizitza luzea izan arren, soldata edo lan maila igotzerik izan ez dutenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.