PENTSIOAK. Borondatezko pentsioak orokor bihurtu nahi ditu Jaurlaritzak

41 milioi euroko laguntzak emango ditu, eta ez duela sistema publikoa ordezkatzeko asmoa dio Azkarragak

Ivan Santamaria.
2006ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Egun lanean hasten diren gazteek arazoak izango dituzte etorkizunean erretiro soldata duinak jasotzeko. Pentsio osagarrien aldeko apustua egin nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta 2013an hamar langiletik zazpi sistema horren barruan egoteko helburua jarri du. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren kalkuluen arabera, geratzen den erretiro soldataren %20 beteko luke bigarren pentsio horrek.

Joseba Azkarraga sailburuak behin eta berriro azaldu zuen helburua ez dela egun dagoen sistema publikoa ordezkatzea, baina belaunaldi gazteen bizitza mailari eustea ez dagoela ziurtaturik ohartarazi zuen, Gobernu Kontseiluaren ondoren egitasmoaren berri emateko egin zuen agerraldian. «Ez dut esan nahi pentsioak bermaturik ez daudenik, baina, gizartearen zahartzearen ondorioz, soldata maila ez dago». Egun ere kolektibo askok erretiratzerakoan errenta galtzen dutela azpimarratu zuen.Erabakia justifikatzeko, hainbat datu erabili zituen. Esaterako, 1995ean, 65 urte baino gehiago zituztenak %15 zirela, eta 2025ean %25 izango direla. Halaber, gaur egun lau langile daude pentsiodun bakoitzeko, eta etorkizunean kopuru hori erdira jaitsiko da, departamentuak aurreikusi duenez.

Enpleguko BGAEak eratzea, gizarte eragileen esku

Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Entitateak (BGAE) asko garatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak esparrua arautzeko dituen eskumen esklusiboei esker. Aldiz, Nafarroan ez dago horrelako egiturarik, eta pentsio funts eta planak erabiltzen dituzte. Sistema ezberdinak daude, eta banakakoak eta enplegukoak dira zabalduenak. Kutxek eta bankuek kudeatzen dituzte banakakoak, eta errenta gehien duten bezeroak erakarri dituzte, trukean errenta aitorpenean egiten zaizkien zerga arintze handiak direla eta.

Enpleguko BGAEak, berriz, negoziazio kolektiboaren ondorioz eratzen dira, batik bat. Hots, sindikatuek eta enpresaburuek itunduta. Kasu horretan, nominaren edo soldata igoeraren ehuneko bat pentsio osagarrietara bideratzen da. Adibiderik esanguratsuena Geroa da, zein Gipuzkoan, metalgintzako ituna duten langileei babesa ematen hasi zen eta gaur egun beste sektore askotara zabaldu den.Eusko Jaurlaritzak prestatu duen planak enpleguko BGAEak sustatu nahi ditu, borondatezko pentsioak «orokortzeko eta demokratizatzeko» bidean. «Egitasmoaren hartzaileak langileak dira, eta batez ere, dirua aurrezteko mugak dituztenez, banakako sistemak eskura ez dituztenak», zehaztu zuen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako populazio okupatua aintzat hartuta, langileen %27 dira enpleguko BGAE bateko bezeroa. Kopurua handitu ahal izateko, hainbat laguntza jarriko ditu martxan Jaurlaritzak. Besteak beste, sortzen diren BGAE berrietara sartzen den langile bakoitzeko 50 euro inguru emango ditu, eta entitatea bera sortzeko eta kudeatzeko pizgarriak izango dira sustatzaileentzat.

Tratu fiskala, zehazteke

Guztira, 41,6 milioi euro bideratuko dituzte 2013. urtea arte. Haatik, azken hitza gizarte eragileena da, eta hala onartu du Azkarragak berak. «Plana eragileen borondateak baldintzatzen du, ez da inposatzen, eta negoziazioaren bidez erabaki beharko dute bat egin edo ez». Negoziazio kolektiboaren bidez ez bada ere, enpresako langileen %60 ados badago, pentsio sistema osagarriak eratu ahalko dira.

Urteko lehen hiruhilekoan laguntza ildo guztiak dekretu baten bidez identifikaturik eta kuantifikaturik izan nahi dituzte. Definitu beharreko beste esparru bat tratu fiskala da, baina puntu hori Foru Ogasunen eskuduntza da. Azkarragak aurreratu zuenez, harremanetan jarri dira, eta aurrerantzean desgrabazioetan pentsio plana enplegukoa edo banakakoa den aintzat hartzeko eskatu die. Haren proposamenak sistema finantza aldetik «bideragarria» izatea, eta, aldi berean, errenta maila guztietako langileen interesek bat egitea bilatzen du, baina ez zuen xehetasun gehiago eman.Dagoeneko ELAk eta LABek plana deitoratu dute, sistema publikoa ez dela bideragarria izango oinarritzat hartzen duelako. CCOOk, aldiz, txalotu du ekimena. Azkenik, UGTk informazio falta salatu du.

Datua



%70

2013an hamar langile eta profesionaletik zazpik borondatezko pentsio osagarriak eskuratzea da egitasmoaren helburu nagusia. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, halaber, erretiratzerakoan geratuko zaien soldataren bosten bat gizarte aurreikuspenaren bidez eskuratzea kalkulatu du.

Egitasmoaren ildo nagusiak



Ezartzea: Enpleguko pentsio osagarrien sistemak ezartzea sustatuko dute, horientzat araudi propioa eginez, banakakoetatik aparte. Laguntza fiskalak, administratiboak eta ekonomikoak emango zaizkie.

Konfiantza: Sektore eta enplegu sistemetan konfiantza garatzeko egitura erraz, eraginkor, garden, eta ulergarriak martxan jartzea lagunduko dute.

Jarraipena: Analisia eta jarraipena ziurtatzeko behatoki bat sortuko da, eta Gizarte Aurreikuspenerako Euskal Kontseilua eratuko da, erakundeen eta eragileen ordezkaritza izango duena.

Komunikazioa: Enplegu sistemak orokortzea helburua bada ere, banakako sistemen salerosketa eta eman behar duten informazioa arautuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.