Pentsioak

Pentsioak kalkulatzeko epea lan bizitza osora zabaltzea proposatu du PPk

Borondatezkoa izango litzatekeela azaldu du Bañez Lan ministroak. Kotizazio urterik onenak aukeratu ahal izango liratekeela aipatu du.

Fatima Bañez Espainiako Lan ministroa, artxiboko irudi batean. ZIPI, EFE
Iker Aranburu.
2018ko urtarrilaren 16a
13:29
Entzun

2018an erretiroa hartuko duten Hego Euskal Herriko langileen pentsioa kalkulatzeko, azken 21 urteetan izandako kotizazioak hartzen dira oinarri gisa. 2013. urtera arte, azken hamabost urteetako soldatak ziren erreferentzia, baina, orduan, PSOEren gobernuak bultzatutako erreformak epeak luzatzea erabaki zuen. 2022an da amaitzekoa trantsizio epea, eta hortik aurrera 25 urte izango dira.

Langile gehienei kalte egiten die erreferentziazko urteak luzatzeak, lan bizitzaren azken urteetan pilatzen dituztelako soldatarik handienak. Baina beste langile batzuei kontrakoa gertatzen zaiela argudiatu du Espainiako Gobernuak, eta horrela defendatu du proposamena. Fatima Bañez Lan ministroak aipatu zuen lehen aldiz, astelehenean, TVEn. "Langile batzuek beren lan bizitzaren hasieran edo erdian izan dituzte kotizazio handienak", justifikatu zuen. Adibide gisa jarri ditu lan bizitzaren amaieran kaleratu dituzten langileak, edo, egoerak behartuta, soldatapeko izateari utzi eta autonomo gisa lanean hasi direnak.

Lan bizitza osoa erreferentzia gisa hartzea borondatezkoa izango zela azaldu zuen ministroak.

Gaia PPk proposatu dio pentsioak eta gizarte segurantza jorratzen dituen Espainiako Kongresuaren batzordeari, Toledoko Ituna izenekoari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.