Pentsioak

Pentsioen erreforma malgutu du Espainiako Gobernuak

Bizi-itxaropena kontuan hartuko du eta ekonomiaren eta Gizarte Segurantzaren kutxaren egoeraren arabera igoko ditu. Muga jarriko dio pentsioen berritzeari, goitik zein behetik.

Iker Aranburu.
2013ko irailaren 2a
19:43
Entzun

Fatima Bañez Espainiako Enplegu ministroak pentsio sistemaren erreformari buruzko proposamena azaldu die arratsalde honetan CEOE patronalari eta CCOO eta UGT sindikatuei. Duela hiru hilabete adituen batzorde batek hartutako proposamenak bere egin ditu Madrilek, baina neurri eztabaidatuenak pixka bat malgutu ditu. Erreformaren mamia da datorren urtetik aurrera pentsioak ez direla egongo kontsumo prezioen indizeari lotuta. Adituek eskatu zuten sistemaren diru sarreren araberako berrikuspenak egiteko eta KPIa ez aintzat hartzeko. Orain arte zabaldu denez, Madrilek erabaki du hiru faktoreren arabera berrikustea: KPIa bera, ziklo ekonomikoa eta Gizarte Segurantzaren pentsioen kutxaren egoera. Gainera, azken puntu horretan, urte baten egoera ez, kutxaren aurreko sei urteak eta hurrengo bosteotako aurreikuspenak aintzat hartzea erabaki du. 

Gainera, Espainiako Gobernuak erabaki du pentsioen berritzeari 0.25eko mugak jartzea, bai goitik eta bai behetik. Egoera oso txarra izanda ere, pentsioak gutxienez %0,25 igoko dira, eta ez dira inolaz ere modu nominalean jaitsiko, nahiz eta horrek ez duen eragotziko erosteko ahalmena galtzea. Kontrara, sistemak diru sarrera handiak dituen urteotan pentsioak asko igotzea ere eragotzi nahi du Madrilek, KPI gehi %0,25eko muga jarriko duelako.

Pentsioen "iraunkortasuna" bermatzeko adituek proposatutako bigarren neurria FEI izeneko faktorea zen, hau da, belaunaldi arteko berdintasun faktorea, eta pentsioen zenbatekoa bizi-itxaropenari lotzeari dagokio. Gehiago bizi ahala, jaso beharreko pentsioa urte gehiagotan banatzea proposatzen zuten adituek, hau da, hllero gutxiago jasotzea. Adituek nahi zuten 2014an ezartzea, baina 2019ra arte atzeratzea erabaki du Espainiako Gobernuak.

UGT eta CCOO sindikatuek negoziatzeko borondatea azaldu dute, nahiz eta ez duten uste sistema orain aldatzea "presazkoa" denik. "Ezin zaizkio sistemari egiturazko aldaketak egin behar defizitarekin arazo koiunturala izateagatik". Azken erreformak sistemaren jasangarritasuna bermatzen duela uste dute, eta lan merkatuaren egoera txarra dela oraingo defizitaren erantzule.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.