Pentsioak

Pentsioen erreforma onartu du Frantziako Asanbleak

Ipar Euskal Herrian 43 urtez kotizatu beharko dute pentsioa osorik jaso ahal izateko.

Iker Aranburu - Jenofa Berhokoirigoin
2013ko abenduaren 18a
18:48
Entzun

Frantziako Parlamentuak behin betiko onartu du pentsioen erreforma. Senatuak erreforma bi aldiz errefusatu ondoren, gaia Asanblea Nazionalera itzuli zen atzo azken bozketarako, eta aurrera egin zuen, sozialisten eta ezkerreko erradikalen aldeko botoekin. Gobernuan izan arren, ekologistak abstenitu ziren, eta aurkako botoa eman zuten eskuineko oposizioak (UMP eta UDI) eta ezkerrekoak (Ezkerreko Frontea).

Pentsio osoa kobratu ahal izateko kotizatu beharreko urte kopuruaren emendioa da erreformak dakarren aldaketa nagusia eta ezkerreko eragileen partetik kritikatuena. Orain arte 41,5 urte kotizatu behar zuten 1955, 1956 eta 1957ko belaunaldiek; aurreratzean, hiru urtetik behin hiruhileko bat gehiago kotizatu beharko dute orduan jaiotakoek pentsioa osorik jaso nahi badute. Emendioa 2020an hasi eta 2035 arte gauzatuko dute. Hori dela eta, 1973tik aitzinako belaunaldiak izanen dira erreforma erabat nozituko dutenak, 43 urtez kotizatu beharko dutelako pentsio osoa eskuratzeko.

Legezko erretiro adina 62 urtean atxikitzea erabaki dute diputatuek. Nicolas Sarkozyren gobernuak zuen 2010ean 60 urtetik 62ra pasarazi legezko erretiro adina, eta garai hartan kontra mobilizatu ziren sozialistak.

Neurri horrek ez duenez berehalako diru sarrerarik ekarriko, beste aldaketa batzuk ere baditu erreformak. Enpresek eta langileek ordaindu beharreko kotizazioen igotzeak 4,4 miliar euro ekarriko ditu. Heldu den urtean izanen da lehen gorakada, %0,15ekoa hain zuen, eta ordutik aitzina 2017 arte, %0,05ekoa urtero. Patronalak plazaraturiko desadostasuna kontuan harturik, familia kotizazioak hein berean murriztuko dizkie Frantziako Gobernuak. Inflazioa kontuan hartzeko gisan, orain arte pentsioa apirilaren 1ean berriz kalkulatzen baldin bazuten, urriaren 1era atzeratuko dira orain.

Aitzinamendu sozial batzuk ere baditu erreformak. Hala nola lan dorpea duten langileentzako puntu sistema bat jarriko dute martxan, eta formakuntzarako, erretiro partzialerako edo lehenago erretiratu ahal izateko balioko die. 800 milioi euroko kostua dakar horrek, eta enplegatzaileei izanen da horren finantzatzea, kotizazio berri baten bidez. Patronalaren kexua ikusirik, Estatuak ere finantzaketan parte hartzea onartu du Parisek.

Emazteen eta gizonen arteko erretreten artean den desoreka txikitzeko asmoz, neurri batzuk dakartza erreformak. Adibidez, orain arte gutxieneko soldatako 200 orenekin lortzen baldin bazen hiruhileko bateko kotizazioa, oraindik aitzina 150 orenetara jaitsiko dute maila. Hain zuzen, emazteek dituzte lan partzialak gehien pairatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.