Urtero haizatu ohi den mamua da pentsio sistema desagertzeko arriskua dagoela. Eta horri lotuta, erretirorako adina luzatu behar dela. Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadoreak herenegun egin zuen. «Pentsio sistema segurua da, eta Fernandez Ordoñezek ezin du ziurgabetasuna zabaldu», erantzun zion atzo Celestino Corbachok, Espainiako Lan ministroak. «Ezin du zortzi milioi pentsiodunen lasaitasunarekin jolasean ibili».
Gizarte Segurantzaren soberakina arriskuan dagoela esan zuen Fernandez Ordoñezek herenegun Espainiako Kongresuan. Martxa honetan urtebetean desager daitekeela. Eta pentsioen sistemaren defizita haziz joan daitekeela 2025etik aurrera.
Egoera horri aurre egiteko, zenbait neurri proposatu zituen: alde batetik, erretiratzeko adina 67 urtera atzeratzea, «pizgarri egokiak eskainita»; bestetik, aldez aurreko erretiroak ez sustatzea; eta erretiro saria kalkulatzeko aintzat hartzen den urte kopurua «nabarmen handitzea». Neurri horiek pentsioen gastua murriztuko lukete.
Ministroa, haserre
Corbachok haserre erantzun zion: «Espero dut hau izango dela Fernandez Ordoñezekin ika-mika dudan azken aldia». Nabarmendu zuen Gizarte Segurantzaren soberakina ez dela «inolaz ere» aurten agortuko, eta urtea soberakinarekin amaitzea espero dutela. Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsean 57.000 milioi euro daude gaur egun.
Lan ministroak, baina, ez zion zuzenean erantzun erretiratzeko adina atzeratzeko proposamenari. Haren esanetan, Espainiako pentsio sistema «malgua» da erretiratzeko adinaren inguruan.
Pentsioen sistema bermatuta dagoela esan du Corbachok
Ukatu egin du Gizarte Segurantzaren soberakina urte gutxian agortzeko arriskuan dagoela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu