Ekonomia

Pentsioen txikitzea estaltzeko osagarri bat eskatu die ELAk erakundeei

Sindikatuak manifestazioa antolatu du urriaren 19rako.

Berria.info
2013ko irailaren 30a
15:59
Entzun

Espainiako Gobernuak onartu nahi duen erreformak pentsioen txikitzea ekarriko duela iritzita, eskaera egin die ELAk Hego Euskal Herriko erakundeei: gaur egungo nahiz etorkizuneko pentsionistei osagarri bat ematea galdegin die, diru sarrerak ez zaizkiela murriztuko bermatzeko. Sindikatuaren arabera, osagarri horrek erreformak eragindako diru sarreren galeraren adinakoa izan behar du.

ELAk gaitzetsi egin du Espainiako Gobernuak joan den ostiralean onartutako lege proiektua. Pentsioen murrizketa gehiago ez egiteko eskatu du, baita azken urteotan hartutako erabakietan atzera egiteko ere, «pentsiodunen erosteko ahalmena moztu baitute». Pentsioei buruzko legedia Euskal Herrian erabaki behar litzatekeela gaineratu du.

Erreformaren aurka manifestazioa antolatu du sindikatuak. Urriaren 19an izango da, eta azken urteetan elkarrekin lanean aritu diren eragile sozial eta sindikalei mobilizazio horretan parte hartzeko eskatu die.Horrez gain, gaitzetsi egin du CCOOren eta UGTren jarrera. «Murrizketa latz hauek guztiak legitimatzen dituzte adituen batzordean parte hartuta, edo, orain egin duten bezala, erreforma proiektua hilabete honetan gauzatu nahi duen gobernuarekin sasi negoziaziotan ibilita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.