Oranen (Aljeria) egindako bileran, LPEEk erabaki zuen urtarrilaren 1etik aurrera egunean 2,2 milioi upel gutxiago aterako dituela merkatura. Murrizketaren helburua da prezioek berriro igotzea. Izan ere, ekonomiaren geldialdiak eta finantza krisiak bultzatuta, kontsumoa apaldu egin da eta horrekin batera prezioa ere. Brent upela balioaren %70 galdu du azken hilabeteotan: uztailean 147,27 dolarrean salerostera iritsi zen, baina atzo 46 dolarretik behera ari zen.
LPEEko ministroek ziurtatu zuten petrolio ekoizpena eskaria baino handiagoa dela gaur egun. «OCDEko herrialdeetako erreserbak azken bost urteotako batezbestekoen gainetik daude, eta handitzen ari dira», argudiatu zuten. Zehazkiago esateko, OCDEko herrialdeek 57 egunerako erreserbak pilatu dituzte, eta batez beste 52 egunekoak izan dira azken urteotan. AEBetan, esaterako, joan den astean milioi erdi upel gehiago sartu ziren erreserbetan, eta iazko azaroan baino %9,1 handiago dira orain. Besteak beste, aurten petrolio kontsumoa %5 murriztu delako.
Chakib Kheli LPEEko presidentearen azken datuen arabera, karteleko kideek (Irakek eta Indonesiak salbu) 28,4 milioi upel ekoizten dituzte eguneko. Hau da, munduko ekoizpenaren heren bat. Irailaz geroztik 4,2milioi upeletan gutxitu dute produkzioa,%12alegia.
Merkatuek zuhurtziaz hartu dute LPEEren erabakia, eta agian horregatik ez du petrolioaren prezioak gora egin. Izan ere, gauza bat da LPEEk ofizialki dioena eta bestea herrialde bakoitzak egiten duena. Energiaren Nazioarteko Agentziaren (IEA) arabera, azaroan hitzartutako 1,7 milioi upeleko murrizketaren erdia soilik gauzatu dute. Erakunde horrek Ekuador, Venezuela, Libia eta Iran seinalatu zituen errudun nagusitzat. Oraingoan bakoitzak bere kuotak beteko dituztela agindu du kartelak: «Herrialdeek konpromiso irmoa dute bakoitzak hitzartutako kopuruak murrizteko».
Kontua da murrizketaren aldesutsuen egin duten herrialdeek direla, preseski, petrolioaren diruaren behar gorrien daukatenak. Dela beraien arazo ekonomikoei aurre egiteko -Iran-, delaprograma sozialei eusteko -Venezuela-. Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, Iranek upela 95 dolarrean egotea behar du datorren urteko aurrekontua bete ahal izateko.
Prezio egokiaren bila
Saudi Arabiako kutxak beteago daude, eta agian horregatik hango errege Abdulak ziurtatu du 75 dolar «prezio egokia» direla. Kopuru horrekin ados azaldu zen atzo Khelil, -70 eta 80 dolar artekoa proposatu zuen-, eta hortik behera putzu berriak aurkitzeko eta ustiatzeko inbertsioak errentagarriak ez direla ziurtatu zuen.
LPEEren eragina mugatua da, egun kontsumitzen den petrolioaren bi heren beste herrialde batzuek ekoizten dutelako. Horietako batzuk, LPEEk eskatuta, prest azaldu dira prezioaren gorakada bultzatzeko. Errusiak iragarri du ekoizpena 320.000 upeletan murriztuko duela egunero eta Azerbaijanek ere 300.000 upel kenduko ditu merkatutik. Kopuru antzekoak izanagatik, baten zein bestearen ahalegina oso desberdina da. Errusia da gaur egun ekoizle handiena, hamar milioi upel ateratzen baitira egunero haren putzuetatik. Azerbaijanen ekoizpena, berriz, 840.000 upelekoa da. Edonola ere, Azerbaijanek petrolio asko aurkitu du azken urteotan Kaspio Itsasoan eta ekoizpena gehien handitzen ari den herrialdea da. Errusiak, berriz, oso zaila du berez bere oraingo produkzioari eustea, bere azpiegiturak zaharkituak direlako eta putzu berriak ustiatzeko behar duen atzerriko inbertsioa uxatzen aritu delako.