2001etik laukoiztu egin da prezioa, eta aurten lehen aldiz, 100 dolarreko mugarri psikologikoa eta historikoa oso gertu egon da. Uneotan, urre beltzaren bilakaera historikoa egungo dolarraren balioaren arabera neurtuz gero, bere preziorik handienean dago. Eta goranzkoa dela dirudi; pixkanaka, gorabeherekin, baina gorantz. Noiz arte? Zenbateko kostearekin?
Galderak airean daude, baina, ekonomiari erasaten ez badiote, ezer gertatzen ez den irudipena nagusi da. Izan ere, artzainaren eta otsoaren bertsio modernobihurtu balitz lez, motelago bada ere ekonomia sendo hazten ari da, burtsak goian daude, inflazioak kontrolpean dirudi eta interes tasak maila zuhurrean daude. Hortaz, 70eko hamarkadan ekonomiari erasan zioten bi petrolio krisien mamuak urruti dirudi.
Ala ez? IEA Nazioarteko Energia Agentziak azaroan kaleratutako azterketa baten arabera, munduko hazkunde ekonomikoa baldintzatu dezakeen faktore bat gehiago da egun petrolioa. «Halaber, bere garrantzia handitzen ari da», gaineratu du IEAk. Estatu Batuetan, adibidez, familien garraio gastua 80 hamarkada erdikoaren pare dagoela dio IEAk. «Hortaz, prezio garestiak ekonomia kaltetzen ari dira, kontsumitzailearen gastu ahalmena ahulduz eta enpresen negozio marjina janez».
IEAren iritziz, epe motzera, prezioek beherantz egingo dute. Nahikoa da Ipar hemisferioan negu gorria ez izatea, kontsumoa apur bat moteldu eta herrialde ekoizleen produkzioa handitzea, findegiek ahalmena handitzea...
Baina otsoak bere atzaparrak agertu ditu, eta IEAren esanetan, epe ertain-luzera komeni da kontuan hartzea. IEAk uztailean zein azaroan kaleratutako bi txostenekondorioztatu dute etengabe gorantz doan petrolio kontsumoatalka egingo duela hornidura arazoekin. Noiz? Ezin zehatuzkoa den erdibideko aldi baten buruan. «Beste hitzetan esanda-gaineratzen du-, ekonomia zikloan beherakada bereziki handi bat etor liteke». Ohartarazpena eginda dago.
INDARRA HARTZEN ARI DEN HIPOTESIA. Petrolio munduko adituen arabera, gero eta gehiago zabaltzen ari den hipotesia da urte gutxiren buruan eskariak eskaintza gaindituko duen fase batean sartzear dagoela mundua. Industriaren bertsio ofiziala da 2030a baino lehen ez dela etorriko fase hori; ASPO elkateak, berriz, hainbat urte daramatza ohartarazten garai hori hurrengo hamarkadaren hasieran etorriko dela, herrialde eta enpresa ekoizleek dituzten erreserbak puztu egiten dituztelako.
Pixkanaka, ideia hori indarra hartzen hasi da. Sadad Al Husseini Saudi Arabiako Aramco konpainiaren lehendakariorde izan zen 2004ra arte. Azaroan, Londresen iragarri zuen 2030era bitartean produkzioa ez dela handituko; alderantziz,jaitsi egingo da eguneko 70 milioi upeleraino.
Haren azalpenen arabera, 2014era bitartean Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundean -ustez munduko erreserben %75aren jabea-produkzioa 10 milioi upeletan handitzeko egitasmoak soilik Saudi Arabiak, Angolak eta Nigeriak dituzte. «Indonesia, Venezuela eta Iranen, adibidez, euren ahalmena gainbeheran hasiko da. Kuwaitek, Irakek eta Arabiar Emirerri Batuek kasurik onenean nahikoa izango dute produkzio ahalmenari eustearekin».
Haren iritziz, batetik, mendebaldeko konpainiek eta IEAk berak «areagotu» egin dituzte LPEEren erreserbak «herrialdeoi presio politikoa ezartzeko eta herrialdeotan nazioarteko konpainiak ezarri behar direla behartzeko». Beste aldetik, susmoa du LPEEko hainbat kideren erreserbek ez diotela azterketa tekniko bati erantzuten, «dekretu politiko bati» baizik. «Hori badakigu, izan ere herrialdeok ez dute petrolioa ustiatzeko eta garatzeko programarik abian, baina gero erreserba osagarriak dituztela iragartzen dute urtero».
Etorkizunera begira, IEAk aurreikusten du petrolio hornidura Ekialde Hurbilaren eta Errusiaren menpe egongo diren heinean, energia hornidura eteteko eta prezioek gorantz egiteko arriskuak handitu egingo direla. Uneotan, baina, «planetaren eskasia nagusia ez dira ez naturaren baliabideak ez dirua, denbora baizik».
IEAren esanetan, hurrengo hamar urteak «funtsezkoak» izango dira. Ezinbestekotzat jotzen du energiaren auzia klima aldaketarekin lotzea eta herrialde industrializatuek Txinaren eta Indiarekin elkarlanean aritzea. «Energia kontsumitzaile handiak ezin dira energia hornidurarekin seguru izan besteen hornidura arriskuan badago, eta aldaketa klimatikoaren epe luzeko konponbide eraginkorrik ez da egongo energia kontsumitzaile nagusiek ekarpenak egiten ez dituzten bitartean».
Horretarako beharrezkotzat jotzen du elkarlana eta I+Gn inbertsio publiko eta pribatua handitzea. Erronka da herrialde guztiak petrolioa, gas naturala eta ikatzetik at egongo den energia sistema baterantz mugiaraztea, «ekonomia eta gizarte garapena kaltetu gabe». Trantsizio horretan, aurreztea eta eraginkortasuna dira zutarri bat, eta bestea CO2 emisioak nabarmen murriztuko lituzketen teknologiak. «Bere biziko garrantzia du gobernu guztiek energetikoki iraunkorra izango den norabide batean berehalako politika irmoak eta kolektiboak hartzea». Esnatzeko ordua iritsi da.